Emakumeen kirolaren lehen jaia egingo dute Gasteizen

Arabako emakume kirolariei agerpen handiagoa ematea du helburu. Maider Unda, Laura Pardo, Alba Pinilla eta Maria Ascassok parte hartuko dute, besteak beste.

Arabako emakumeen kirolaren lehenengo jaia egingo dute larunbatean, 10:30etik 14:00etara, Gasteizko Iradier Arenan. Maider Unda, Laura Pardo, Alba Pinilla, Maria Ascasso, Nora Artamendi, Irati Molinero eta Luisa Mazariego dira, besteak beste, Emakumeak kirolean jaialdian parte hartuko duten kirolariak. 

Ekitaldia “herritar guztientzat" izango dela nabarmendu dute, ez emakumeentzat soilik. Kirolean emakumeei agerpen handiagoa emateko asmoz sortu da egitasmoa, "kirolean berdintasuna lortzen lagundu nahian".

Standak, erakustaldiak, hitzaldiak, lehiaketak eta kirolariekin solasaldiak izango dira. Stand nagusi bat egongo da azalpenak emateko, eta bertaratzen direnek hogeita zortzi kirolen ordezkari diren kirolariekin jokatu edo elkarreragin ahal izango dute kirolaren stand-era hurbilduta.

Goizeko hamar eta erdietan zabalduko dituzte ateak, eta hamar minutu geroago gimnastika artistikoko erakustaldia izango da. Jarraian, igeriketa sinkronizatuko koreografia egingo dute, eta Nora Artamendiren erakustaldia arku-tiro Federazioaren standean. Beste hainbat erakustaldi ere izango dira: karatea, gimnastika aerobikoa, pilota, borroka teknika, gimnastika erritmikoa, kick boxing, sokatira, eta eskrima. Bestetik, saskibaloiko jaurtiketa libreen lehiaketa antolatu dute eta Laudo Pardori elkarrizketa ere egingo diote.

Hogeita zortzi federaziok hartuko dute parte: atletismoa, xakea, badmintona, saskibaloia, beisbola eta softbola, boxeoa, txirrindularitza, eskrima, futbola, gimnastika, golfa, herri kirolak, judoa, karatea, borroka eta sambo, kirol egokitua, igeriketa, padela, irristaketa, pilota, piraguismoa, errugbia, squasha, taekwondoa, tenia, arku-tiroa, tiro olinpikoa eta boleibola. 

Berezitasun batzuk ere iragarri dituzte. Parte hartzeko txartelak banatuko dira, pertsona batek kirol bat jokatzen duen bakoitzean zigilua jartzeko, eta lau zigilurekin opari bat lortuko da. Iradier Arenako kanpoaldean ere jarduerak izango dira, Errenazimentu plazan.