Emakumeen izaera ziklikoa

Hilekoaz dugun informazioa desegokia da, eta mitoz beteta dago. Ondorioz, emakumeak hilero erotu egiten garela pentsatzera iritsi gara, gure argudio, iritzi eta erabakiei balioa kenduz: "ez egin kasurik, hilekoarekin nago", "ez dut kontuan hartuko, hormonak asaldatuta dituzu"…



Emakumeon garunaren funtzionamendua ziklikoa da, gizonezkoena, aldiz, konstantea. Funtzionamendu zikliko hori onartu egin behar dugu, eta ondorioz, emozioak balioztatu. Emakumeok egun jakin batzuetan sentsibleago egotea, gure izaeraren parte da, eta ez da ezaugarri negatibo bat.

Egonkortasun emozionalaren eredua, eredu maskulinoa da, noski. Gizonezkoak haserretzen badira, arrazoi batengatik dela ontzat ematen dugu. Baina emakumeak haserretzen bagara, hormonengatik da? Aldatu dezagun ikuspuntu hori. Sentsibleago gauden egun horietan, gauzak intentsitate gehiagorekin hautematen ditugu, eta beharbada, baita osotasun gehiagorekin ere. Beraz, erabaki bat hartzeko, iritzi bat emateko edo argudio bat defendatzeko alderdi emozionala kontuan izateak ez du zertan negatiboa izan. Jakituria ez dago soilik objektibitatean, arrazonamenduan edo intelektualtasunean.

Zikloa ezagutu, zailtasunak identifikatu

Gure organismoari arreta jarriz gero, gure burua hobeto ezagutu eta ulertu ahal izango dugu. Beraz, ez dago sobera hilekoaren zailtasunik ohikoenen inguruko azalpenak ematea.

Dismenorrea: Menstruazioarekin batera sortzen diren minari lotutako sintomak dira. Ondokoak dira ohikoenak: umetoki eta baginako giharretako, bizkarreko, buruko eta hanketako mina; arazo gastrikoak, goragalea, beherakoa edo idorreria; azaleko arazoak; ur atxikitzea; suminkortasuna, gogorik eza edota ondoeza.

Hilekoaren Aurreko Sindromea: Hilekoa jaitsi aurreko astean ematen diren sintomak dira. Hauek dira ohikoenak: buruko, bizkarreko edo sabeleko mina; bularren hantura eta horrek sortutako egonezina; gizentzea; sabela handitzea; nekea edota larritasuna. Alderdi emozionalean ere eragina izan dezake, adibidez: depresioa, kontzentratzeko zailtasuna, urduritasuna, suminkortasuna, atsedenik eza eta emozio-tentsio orokortua izan ditzake ondorio.

Sintoma horietaz gain, odol jarioaren patroietan ere aldaketak egon daitezke. Aldaketa horiek bi multzotan sailkatu ohi dira:

ODOL JARIOA UGARITZEA:
- Spotting obulatorioa: Zikloaren erdialdean odol jarioa izatea, obulazioan zehar. Arrazoia fase horretan estrogeno gutxi egotea izan daiteke, horregatik, endometrioa partzialki ezkatatu egiten da.
- Polimenorrea: 21 egun baino gutxiagoko zikloa.
- Hipermenorrea: Odol jarioa handitzea, 80 mililitro/zikloko batez beste.
- Menorragia: Zazpi egun baino gehiagoz luzatzen den menstruazioa.

ODOL JARIOA GUTXIAGOTZEA:
- Oligomenorrea: Ziklo oso luzeak, 35 egun baino gehiagokoak.
- Amenorrea: Hiru hilabetez hilekorik ez izatea.

Tratamenduak
Aldaketa horien arrazoirik ohikoena obulutegi polikistikoak izatea da, hau da, disfuntzio obariko batek sortutako nahaste hormonala izatea. Gaur egun eskaintzen den sendabide bakanetakoa zikloa erregulatzeko antisorgailu hormonalak dira. Halaber, minarekin zerikusia duten sintomak arintzeko, beroa jartzea, ariketa fisikoa egitea, masturbatzea, bainu bat hartzea, harnasketak egitea, erlaxazio ariketak egitea, eta antzerakoak ere eraginkorrak izan daitezke.
Gure gorputzak atsedena edo lasaitasuna eskatzen badigu, behar duelako da, izan ere, hilekoa zizkloaren berritze fasea da. Beraz, berreskuratu ditzagun gure izaera ziklikoarekiko konexioa eta jarrera positiboa.

Hondartzako olagarroa



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Ogi xigortua, tomatea, patata egosia, olagarro egosia, piperrautsa, esnegaina (150 gr.), maionesa (300 gr.), oliba olioa eta ali-olia edo ozpin-olio saltsa.

Nola prestatu:
Ali-oli aparra egiteko txikitu baratxuri ale bat, zurtoina kenduta, ur pixka batekin, eta nahastu maionesa eta esnegainarekin. Sartu sifoian gas karga batekin (sifoirik ez badaukazu, edo konplikatu nahi ez baduzu, egin olio-ozpin saltsa bat tipulina, piper berdea eta azenarioa, oliba olioari, ozpinari eta gatzari nahastuta). Gorde saltsa. Egosi patatak, osorik eta azalarekin. Aukeratu tamaina beretsuko patatak, momentu berean egosi daitezen. Zuritu behin epeldu direnean, eta moztu xerratan. Xigortu ogi xerra batzuk eta igurtzi tomate heldu batekin. Jarri gainean patata gatz ale batzuekin eta oliba olio txorrostada batekin. Patataren gainean jarri olagarro egosi xerra batzuk, eta azkenik, ali-oli aparra edota olio-ozpin saltsa. Hautseztatu piperrautsarekin.

Iradokizuna:
Ali-oli saltsa egitea erabakitzen baduzu, garrantzitsua da baratxuriaren zurtoina kentzea eta kantitatea kontrolatzea. Baratxuri gehiegi izatea nahiko antierotikoa izan daiteke. Aldiz, baratxuria neurrian baldin badu, pintxo goxo eta arina aterako zaigu, afrodisiakoa izateko asmoa duen edozein janarik beharko lukeen legez. Olagarroaren erroak mantendu errespetuaren marren barruan, zaplasteko bat "arrantzatu" nahi ez baduzu.