Emakumeek idatzitako liburuen azoka egingo dute asteburuan Azkoitian
Arantxa Urretabizkaia omenduko dute, eta, besteak beste, Eider Rodriguez, Amaia Zinkunegi eta Goiatz Labandibar euren azken liburuez arituko dira.
Maxixatzen Euskara Elkarteak Geure gelatik izeneko liburu azoka antolatu du emakumeek literaturan, kulturan eta bereziki liburugintzan egiten duten ekarpena balioan jarri eta bistaratzeko asmoz. Beste lau urtetan ere antolatu izan dute ekimena, iazkoa atzeratu egin behar izan zuten, eta oraingoan bosgarren edizioari helduko diote, beraz.
Azoka apirilaren 1etik 3ra egongo da zabalik, ostiral arratsaldetik igande eguerdira. Elkar, Susa, Alberdania, Txalaparta, Pamiela eta Erein argitaletxeek argitaratutako azken nobedadeak ipiniko dituzte Elkarguneko Herriko plaza aretoan jarriko diren postuetan. Euskal idazleak ere izango dira bertan, tartean Arantxa Urretabizkaia, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez.
Ostiral arratsaldean Arantxa Urretabizkaiari aitortza egingo zaio bere ibilbidearengatik. Amaia Zinkunegik Otsandreak korrika helduentzako kontaketa ere egingo du.
Larunbatean, berriz, liburu aurkezpenak egingo dituzte goiz eta arratsaldez. Garbiñe Larrea Sendabelarrek dakitena liburuaren inguruan solastuko da. Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza bildu du egileak. Ukenduak, tinturak, infusioak eta abar autonomiaz egiteko azalpenak ematen ditu bertan. Bestetik, Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue saiakera liburuarekin lotutako emanaldia eskainiko du, eta Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala eleberria izango du hizpide, aita alkoholikoa duen idazle baten inguruko kontakizuna. Goiatz Labandibar kaleratu berri duen Amez narrazio liburuaz arituko da. Emakumeen bizimodua dute ardatz nagusi hogeita bat narrazioek, eta ama izatea edo ez izatea gune-guneko bizikizun bihurtzen den une horri begiratzen diote bereziki.
Igandean, Edna O`Brienen Landa aldeko neskak aurkeztuko du Gema Lopez itzultzaileak. XX. mendearen erdialdean landa-giroan jaiotako bi neskatilen abenturak kontatzen ditu nobelak. Azkenik, azokari amaiera emateko, hogeita bost lagunek emakumeek idatzitako liburuetatik hartutako testuak irakurriko dituzte.
