Emakumeak protagonista izango dituen hip hop festa Bilbon

La Basu, VitterSweet, Kenna I, Las Tea Party DJs-ko Lorea eta Mad Muasel elkartuko dira larunbateko jaialdian. Aurretik, Haizetxo eta Ningra bikote gasteiztarra arituko da.

Eskina Femenina taldeak eta Bilboko Udalak antolatutako Bazter Fest jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo dute larunbatean, 19:00etan, Bilborock aretoan. Ibaiondoko Barrutiko kultur ekimenak ezagutaraztea eta babestea, eta genero musikal horretan emakumeen lana, presentzia eta ikusgarritasuna bultzatzea dute helburu. 

Haizetzo eta Ningra Gasteizko bikote gaztearekin hasiko dute arratsaldea. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "eszenatokira igotzeko eta gaur egun bizi dugun errealitateari euskarazko letra eta erritmoa jartzeko duen indar eta ausardiagatik nabarmentzen dira". 

Ondoren, WomanPowah arituko dira, jaialdian parte hartzeko elkartuko diren ibilbide handiko bertako artistak. Honako hauek osatzen dute taldea: La Basu, Vittersweet, Kenna I, Las Tea Party Djs-ko Lorea, eta Mad Muasel.

La Basu rap, soul, reggae eta flamenko generoetan nabarmentzen da. 2001ean atera zuen bere lehen maketa eta, hainbat lan egin ondoren, 2017an kaleratu zuen Izotz erregina diskoa. 

VitterSweet da Berta VitterSweet bilbotarrak bere musika-etapa berrirako hartu duen izena. Musika urbanoa, trap eta R&B uztartzen ditu. Kenna I duela lau urte sartu zen lehen aldiz musika estudioan eta bertako artistekin lan egiten du gaur egun. Batez ere musika beltzean mugitzen da, soul, R6B eta hip hopetik hasi eta trap, dancehall eta afrobeat gaurkotueneraino. 

Tea Party Dj’s 2010ean jaio zen, Eva Gutierrezek (La Cuisine) eta Lorea Argaratek (Flow) Soraluzeko jaiak zirela-eta elkarrekin saio bat egitea erabaki zutenean. Jatorrian funky eta elektrosinwga zuten ardatz, eta geroztik genero eta azpigeneroen aukera zabala jorratzen dute, bereziki moombahcore edo brostep-a. Mad Muasel, aldiz, Espainiako Estatuko dancehall panoramako artista aitzindarietako bat da. 2008tik lanean ari da, bakarkako hiru albumekin eta hamaika kontzerturekin. Abeslaria, konpositoria, irakaslea, pedagogoa eta musikazalea da, eta "mikrofonoa pentsatzen duena esateko erabiltzen du".