Emakumeak pandemian: ekarpen handiagoa, berdintasun gutxiago

COVID-19aren eragiten dituen arriskuak kontuan hartuta eguneroko bizitzak funtziona dezan lortzea erronka kolektibo bat da. Baina noren esku dago batez ere ardura hori?

Ezinbestekoa da goizero haurrak eskolara joatea, merkatuak, dendak, farmaziak irekiak egotea, liburutegiak liburuz gainezka, eta ospitaleez gain bestelako zerbitzu publikoek ere funtzionatzea. Testuinguru honetan, zaintzaren zentralitatea nabarmendu beharra dago. Zaintzarik gabe osasunik eta ongizaterik ez dago, eta osasunik gabe ez dugu jarduera ekonomikoa errekuperatuko. Izan ere, behar sozialei kasu egin gabe, errekuperazioa ez da erabateko, gutxi batzuena soilik litzateke eta. Egoera honetan, emakumeek duten pisua sekulakoa da, zeren murrizketen aurrean, emakumeak izan ohi dira ardura gehiago bere gain hartzen dutenak. Adibidez, haurraren jantokiko zerbitzua bertan behera geratzen bada, emakumea da lanaldi motzago bat eskatu edo zuzenean lana uzten duena umeari janaria presatzeko. 

Generoaren eraginak koronabirusaren krisian ez dira kontuan hartzen, gerra garaiekin alderatzen baita egoera hau eta noski, gerrak gizonen kontuak dira, ezta? Emakumezkoek ordea, ezinbesteko rola dute egoera honetan, nahiz eta ez zaien aitortzarik egiten. Birusaren esposizioa handiagoa den lekuetan emakume gehiago daude gizonezkoak baino: ospitaleetan, zaharren egoitzetan, gaixoen zaintzan, etxeen garbiketa lanetan Azken bi lan hauek emakumezkoen lanpostuen %17 ordezkatzen duten, gizonezkoetan berriz %5. Merkataritzan, jatetxeetan, jendearen aurrean daudenen %60 ere emakumezkoak dira, zer esanik ez haurrekin lanean ari direnen gehiengoa. 

Azken ikerketen arabera, osasungintzako langileen ostean, mendeko pertsonak etxeetan zaintzen dituzten langileak dira birusak gehien kolpatu dituen pertsonak, baita garbiketa lanak egiten dituzten langileak ere, gehiengoak emakumeak direlarik. 

Honela, emakumeak pandemiaren aurrean lehen ilaran badaude ere, birus honi aurka egiteko erabaki guneetan emakumeen parte hartzea ez da islatzen. Hauen ahotsa eta hauen genero ikuspegia ez da kontuan hartzen osasun erabakiak, ekonomikoak eta sozialak hartzerako garaian. Hori dela eta, emakume hauek arrisku gehien hartzen dituztenak dira, eta aldi berean egoera ezegonkorrenean daudenak ekonomikoki zein sozialki ere.