Emakumeak buru dituzten taldeen kontzertuak Iruñean
Sei kontzertuko zikloa antolatu dute Zentral aretoan irailera bitarte, eta gaur izango da lehena, Liher taldearen eskutik.
EMMusikadas sei kontzertuz osatutako zikloa da, eta emakumeak buru dituzten edo emakumeez osatutako taldeek hartuko dute parte. Iruñeko Zentraleko terrazan, Burgoen plazan, izango dira musika emanaldian asteazkenero, gaurtik irailaren 22ra bitarte. Ekimenak emakumezko banda eta artistak ikusaraztea eta ahalduntzea du helburu. Horretaz gain, Iruñerriko musika eta kultura-eszenari eskainitako ekarpena nabarmendu nahi dute eta euren sorkuntza artistikorako leiho bat eman.
Lehenengo kontzertua gaur izango da, 20:00etan, eta Liher taldea arituko da. Lide Hernando donostiarrak gidatutako proiektua da hau eta Hemen herensugeak daude diskoa kaleratu zuten iaz.
Hurrengo emanaldiak honako hauek izango dira: hilaren 25ean Olatz Salvador, irailaren 1ean Lorena Alvarez eta Tronco, irailaren 8an Delaporte, irailaren 15ean Albany, eta irailaren 22an Andrea Santiago.
Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira eta sarrerak salgai daude Zentraleko webgunean.