Emakumeak bertsolaritzan; genealogia feminista
Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek osatu dute infografia, Txakur Gorriaken irudiekin.
Dagoeneko ohiko irudia bilakatu emakume bertsolariak plazetan eta lehiaketetan modu parekidean parte hartzen ikustea, baina duela gutxi arte ez da hala izan. Bilakaera hori aztertu eta islatzeko, azken lau hamarkadetako aldaketak jasotzen dituen infografia bat osatu dute talde lanean; Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariak aritu dira edukiaren gainean lanean, eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo diseinuan. Berria, Argia, Jakin eta Lankuk argitaratu dute lana.
Artikuluak, bertso saioak, ahalduntze bertso eskola, topaketak, bertso gogoangarriak eta beste hainbat bizipen bildu dituzte infografian; denboran atzerago bertsotan aritu ziren hainbat emakumeren izenak ere berreskuratu dituzte, Ahaztuak izenpean. Bertso eskoletako neska gazteak ere izan dituzte kontutan. Durangoko Azokan izango duzue salgai.