Emakumea, fabrika eta makina lotzen dituen erakusketa jarri dute Gasteizko Amarika aretoan

Argazki artxiboen berrinterpretazioa egin dute hamaika artistak.

Emakumea_Makina_Fabrika izeneko erakusketa kolektiboa paratu dute Gasteizko Amarika aretoan. Sara Berasaluce Duque eta Tamara Garcia Iglesias dira erakusketaren komisarioak eta honen helburua "hurbileko eta urruneko argazki artxiboak berridaztea" izan da.

Arduradunek azaldu dutenez, "artxiboak berrirakurri, erakutsi, manipulatu, berridatzi eta irauli" egin dira, "narrazio lerro dibergenteak sortzeko eta, horrela, elkarrekin pentsatu ahal izateko egungo lan egoerari buruz".

Horretarako, hamaika artista aritu dira lanean: Maider Aldasoro, Toia Bonino, María Alcaide, Yone Estivariz, Rocío Bueno, Laia Abril, Irati Cano, Maider Jiménez, Zaloa Ipiña, Irene Zottola, eta Rosa Neutro. Aldez aurretik hautatutako argazki materiala berrinterpretatzera eta "lanaren kontzeptuari eta haren egunerokotasunari buruzko galderak egiteko aukera emango duen obra corpus bat sortzen hastera" gonbidatu dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru argazki artxibo hautatu dituzte, 1940ko hamarkadatik 1960ra bitartekoak, emakume langile, makina eta fabriken irudikapenarekin eta argazkiekin lotutakoak.

Erakusketa espazioko bi aretoetan bisita daiteke urriaren 15era arte.