Emakumea eta mendiari buruzko jardunaldiak egingo dira Gasteizen
Datorren astelehenetik ostegunera, hainbat emakume taldearen solasaldiak izango dira.
Arabako Mendi Federazioak Emakumea eta Mendiari buruzko I. Jardunaldiak antolatu ditu, Vital Fundazioa Kulturunearen aretoan, astelehenetik ostegunera bitarte, mendiko jardueretan aritzen diren emakumezko kirolarien partaidetza sustatu eta ikusgarritasuna emate aldera. Lau egun horietan, mendiarekin lotutako lau kiroletara gerturatuko dira emakumeen eskutik.
Gaikar-Zortzietakoak taldea izango da astelehenean, hamar urtez baino gehiagoz Euskal Herrian zein hemendik kanpo distantzia guztiak egin dituzten mendiko lasterkarien taldea. 20 eta 45 urte arteko emakumeak daude taldean.
Asteartean, hilaren 25ean, ELLAbikesen txanda izango da. BTT bizikletan irteerak egiten dituzte, lau zailtasun mailatan. Gainera, mekanika-ikastaroak, gidatzeko teknikenak eta barreterapia lantzen dituzte. “Bizikletan ibiltzea gure bizimodu bihurtu da, gure zoriontasunaren proiektua”, azaldu dute.
Hirugarren egunean, asteazkenean, hiru urtez jarraian (2019, 2020 eta 2021), martxa nordikoan Espainiako txapeldun izan den Hazten Kirol Taldea izango da.
Azken egunean, ostegunean, Neskalatzaileak taldeko eskalatzaileak izango dira. Duela 13 urte sortu zuten kluba, mendian emakumezkoen kirola bultzatzeko asmoz: “Eskalatzera goazenean edo mendian bertan emakumezko erreferenteak ikustea motibazioa da atzetik datozen guztientzat”.
