'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa egingo dute Donostian

Itziar Cortes Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru zientzialariekin solasean arituko da Ana Galarra zientzia-dibulgatzailea.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloak antolatu dute udaberrirako, emakume zientzialariak ezagutzeko asmoz. "Zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan", azaldu dute.

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak aurrez aurreko elkarrizketak izango ditu hiru emakume zientzialarirekin: Itziar Cortes Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru. Ikertzera zerk bultzatzen dituen kontatuko dute, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar izaten dieten aurre. Gainera, zientzia eta humanitateak aparteko bi kultura diren uste edo estereotipoa gainditzeko irakurgaien artean, gogokoen dituzten liburuak gomendatuko dituzte.

Lehenengo solasaldia martxoaren 14an izango da, Itziar Cortes Etxaberekin, Hizkuntzak aro digitalean izenburupean. Ingeniaritza Informatikoko ikasketak ditu Cortesek, eta hizkuntzaren prozesamenduan espezializatuta dago. Ingeniaritza-alorreko ikasketetan emakumeek duten presentziari buruz ikertu du. Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzailea da eta adimen artifizialaren arloan lan egiten du, hizkuntza-teknologiekin. Ikerketan eta garapenean lan egin izan du, esaterako, elia.eus itzultzaile automatikoaren proiektuan. 

Bigarren solasaldia apirilaren 18an izango da, Marian Iriarte Ormazabalekin. Kimika, egunerokoan izenburua izango du saioak eta polimeroak izango ditu hizpide. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Iriarte, eta Donostiako Kimika Fakultatean lan egiten du. Zientziaren dibulgazioan ere aritzen da, eta Kimika Fakultateko dekanoa da. Haren ikerketa-arloa polimeroak dira. Polimeroak ontzigintzan hain erabiliak direnez, eta bizitza hain laburra dutenez, eragin oso kaltegarriak dituzte ingurumenean. Hori dela eta, azken urteetan polimero biodegradagarrien munduan dabil, ontzigintzan erabiltzen diren polimero edo nahaste polimeriko asko ordezkatu ahal izateko.

Azkenik, maiatzaren 16an, Aiora Zabala Aizpurua izango da protagonista, Natura gure esku izenburua izango duen saioan. Ingurumen Zientzietan lizentziatua da Zabala, eta Ekonomia Ekologikoan doktorea. Unibertsitateko irakaslea da, eta Nature Sustainability zientzia-aldizkarian editore izan zen lau urtez. Dibulgazioan ere aritzen da, ingurumenari, jasangarritasunari eta giza zientziei buruz, eta iaz Natura gure esku liburua argitaratu zuen.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahal izango dira.