Emakume gazteak Emakumeen Etxean

Apirilaren 11tik 28ra bitartean "Proposamen fenimistak emakumeen subiranotasunaren defentsan" zikloa eskainiko da Donostiako Emakumeen Etxean. Emakume gazteei zuzenduriko jardunaldi batzuk ere badira tartean "Non dira emakume gazteak?" izenburupean. 


Donostiako Emakumeen etxearen sorrera mugimendu feministak luze aldarrikatu duen baliabide bat izan da. 70. hamarkadan zabaldu zen behar honen kontzientzia lehenengoz.
Kostatakoa izan da, bada, baina kostatako lorpenekin horrela gertatzen da gehienetan; gero gehiago gozatu eta aprobetxatzen dira. Okendo kalean kokatzen den eraikinak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: aholkularitza juridikoa, "Igualate" (alegia, berdindu zaitez) ikasketa homologatuak, jabekuntza taldeak, ordenagailu eta internet zerbitzua... Donostiako emakumeen topaketa, elkarrizketa eta hausnarketarako gune izan nahi du Etxe honek eta hainbat hitzaldi, erakusketa, mahainguru eta emanaldi antolatzen dituzte.
Datozen bi asteetan "Proposamen Feministak Emakumeen subiranotasunaren defentsan" zikloa eskainiko da bertan. Mundubat elkartea da antolatzailea Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin batera. Erdialdeko Amerikako emakumeei buruzko bideo emanaldia, generoari buruzko zine-zikloa, elikadura subiranotasunari buruzko hitzaldia... Emakume gazteei espreski zuzenduriko jardunaldi batzuk ere egingo dira apirilaren 15 eta 16an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eskutik eskainiko dira; lehen egunean, ostirala, 16:30etatik 20:30etara, eta bigarrenean, larunbata, 11:00tatik 14:00 etara.
Emakumea eta Gaztea bazara, beraz, badakizu: Etxe bat daukazu Donostian, eta datorren asteburuan baita jardunaldiak ere.