Emakume batek ordezkatu du Matt Damon aktorea 'The Odissey' pelikulako zenbait eszena arriskutsutan
Emakumezko batek gizonezko aktore baten ordezko lana egin izanak harridura eta jakin-mina sortu du sareetan, nahiz eta Devyn Daltonek argi utzi duen ez dela bakarra.
Matt Damon aktore estatubatuarrak Christopher Nolan zuzendariarekin lan egin du berriz zineetan estreinatu berri den The Odissey pelikulan. Elkarrekin aritzen diren hirugarren aldia dute, Interstellar eta Oppenheimer filmen ondotik. Oraingo honetan, gainera, Damon da protagonista. Dimentsio handiko pelikula horretan Damonek egindako lana goraipatzen ari dira, beste aktore ezagun batzuk ere badiren arren, berak baitu istorio honetan pisu nagusia.
The Odissey-k Homerok Kristo Aurreko zortzigarren mendean-edo idatzitako istorioa dakar bueltan. Troiako gerraren ondoren, Odiseo (Ulises) heroiak, Itakara, bere erresumara, egindako itzulerako bidaia gorabeheratsua kontatzen du. Damonek Odiseo heroi eta gerlaria gorpuztu du, 20 urtez etxera bueltatzeko biziraupen borrokan. Hark eta haren gizonek itsasoaren amorruari, kanibal erraldoiei, gudariei, sorgin boteretsu bati, sirenei eta beste hainbat arriskuri aurre egin beharko diete bidean.
Odiseoren rola jokatzeko, Damonek entrenamendu saio ugari eta dieta zorrotza egin behar izan du. "Bizimodu aldaketa" izan dela aipatu izan du elkarrizketetan. Sareetan zabaldu diren irudietan ikus daiteke Damonek filmerako lortu duen gorputza, baina aktoreak argi utzi du pelikulan ia lan fisiko guztia berak egin duen arren, eszenaren batean ordezko baten laguntza izan duela.
Hala, Josh Horowitzen Happy Sad Confused podcastean azaldu du emakumezko profesional batek hartu duela bere lekua Nolanen pelikularen eszena garrantzitsu batean. Horowitzek Damonen bizepsak goraipatu zituen, eta hark aitortu zion eszena jakin horretan bizepsak ez zirela bereak.
Izan ere, 34 urteko Devyn Dalton kanadarrarenak dira beso horiek. Damonek kontatu duenez, "Laestrygoniarren perspektiba behartua egin genuenean, eszena arriskutsuetako ordezkoek bi metrotik gora neurtzen zuten. Gero, metro eta erditik behera neurtzen zutenak etorri ziren. Nire ordezkoa emakumezkoa zen, inoiz ikusi dudan besorik handienak zituena". Ondoren catering gunean ikusi zuenean, egindako lanak eskertu omen zion Damonek.
Arlo askotan aritutako aktorea
Eszena arriskutsuak egiten esperientzia badu Daltonek, 60 proiektutik gora egin baititu. Aktore lanetan ere aritu izan da, esate baterako Supernatural telesailean. Ahots-aktorea eta dantzaria ere bada.
Eszena arriskutsuak egin behar izaten dituenez, beti prest egon behar izaten du, ez baitaki noiz eskatuko dioten zerbaitetan lan egiteko. Gainera, sarritan denbora-tarte handirik gabe iristen zaizkio lan-eskaintzak. Hortaz, yoga, pisu-entrenamendua, boxeoa eta arma-lanketa egiten du.
Daltonek azpimarratu du "ez dela gizonezkoen ordez lanean aritzen den emakume bakarra", eta "sekulakoa" iruditu zaio hori ikusaraztea. Haren ustetan, errekonozimenduak berebiziko garrantzia du, industria horretan emakumeek ordezkaritza txikia izaten dutela eta gorputz-irudiaren presioa handia dela kontuan izanda: "Emakume indartsu bat izatea eta gorputz atletikoa eta horrekin loturiko guztia besarkatzea eta ospatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait".
Damonen bideoa biral egin denetik, babes-mezu mordoa jaso omen ditu, bereziki neska eta emakume gazteenak. "Hunkitu egiten nau, nolabait inspirazio-iturri izan daitekeelako edo beren ametsarekin jarraitzen lagundu diezaikeelako, eta hori da benetako helburua".