'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa zabaldu dute Donostiako Garberan
Uztailaren 7ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak "Emakume arkeologoak Gipuzkoan" erakusketa antolatu dute Donostiako Garbera merkataritza-gunean. Kokalekuaren aukeraketari dagokionez, "publiko berria bilatu nahian" egindako hautua izan da, "gure kultura-ondarearen aberastasuna jendea dagoen espazio batera eraman nahian".
Erakusketa "emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zeregina ezagutzeko eta baloratzeko aukera paregabea" dela nabarmendu dute. Aizpea Goenaga komisarioak azaldu duenez, "erakusketak emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia azpimarratzen du, eta azalpen-paneletan arkeologiako sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua erakusten du. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologiko ugari daude, aukera bakar eta aparteko".
Ibilbidea 1903an hasten da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira. Pixkanaka, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan eta zenbait emakume nabarmentzen dira arlo horretan, tartean Maria Luisa Aranzadi, Pilar Sansinenea, Ana Maria Muñoz, eta Lola Echaide.
Erakusketa lagin bat besterik ez dela ohartarazi dute, erakusketa erabilgarri zegoen espaziorako egokitu behar izan dutelako. Gainerakoa ezagutu nahi duenak katalogo osoa deskargatu ahal izango du QR bidez.
Uztailaren 7ra arte egongo da zabalik erakusketa.
Historiaurreari buruzko tailerra
Historiaurreari buruzko doako tailer bat ere antolatu dute 8 eta 12 urte arteko haurrentzat, ekainaren 22an, larunbatean, goizeko 11:00etan. Indusketak egiten ikasiko dute eta historiaurreko animalia handi bat aurkituko dute. 25 plaza baino ez daude eta aldez aurretik izena eman behar da Aranzadiren webgunean, www.aranzadi.eus, 'jarduerak' atalean.