Elkarrizketa interesgarriek ongizatea indartzen dute

Batzuetan gertatzen da. Norbait ezagutzen dugu, edota aspaldi ikusi gabe lagunarekin elkartzen gara eta elkarrizketa interesgarri eta aberasgarriak ez du etenik. Endorfina eta serotonina injekzioa dira gure garunarentzat.

Elkarrizketa interesgarriek gure garunean aldaketak sortzen dituzte. Serotonina txutea dira eta gainera, emozioetatik konektatzeko modu ezin hobea. Gauza gutxi dira horren aberasgarriak gizakiarentzako espazio bakar bat sortzeko, harremanak sendotzeko, ikasteko, harritzeko, aterpe bat aurkitzeko eta energiaz betetzeko.

Gure garunak ez du euskara, ingelesa, gaztelera edota frantsesa hitz egiten, gure garunak emozioen bidez hitz egiten du. Hauek dira egiten dugun guztiari esanahia ematen diona. Gure egunerokotasunean pertsonekin ditugun elkarrizketak gure ongizatea hobetu dezakete edota ahuldu.

Ziur denok sentitu dugula noizbait, norbaitekin hitz egiterakoan energiarik gabe gelditzea, motibaziorik gabe eta negatibismoz inguratuta. Guztiz aurkakoa ere gertatu daiteke. Bat-bateko konexioa gertatzen da, elkarrizketa naturaltasunez doa, bizitasunez, modu espontaneoan. Garunak maite du esperientzia mota hau. Elkarrizketa interesgarriak endorfinak, oxitozinak eta serotoninak oparitzen dizkigu estresa gutxituz. Horregatik, guretzat garrantzitsuak diren pertsonekin horrelako esperientziak eskuratzen saiatzeak gure bizi kalitatea hobetu lezake.

Elkarrizketa interesgarriek badute beste bertute bat ere: gu itxuraldatzeko gai dira. Informazio, emozio, ideia, sentsazioa eta hitzen hartu-eman horiek eraldaketa dute gugan eta bestearen motibazio, jakintza eta konfiantzaz kutsatzen gara. Inor ez da onurarik gabe irteten bi edo pertsona gehiagoren artean ematen diren elkarrekintza hauetatik. Pertsona bezala hazten gara eta osasun fisiko zein psikologikoan irabazten dugu.