#ElkarriOn. Adimen urritasuna duten pertsonek asko dute emateko

Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, 54 urte baino gehiago daramatza kolektibo honen eskubideak defendatzen. Elkartea sortu zenetik hiru dira izan dituen helburuak. Lehenik, familientzako elkargune bat sortzea, bertatik adimen urritasuna duen senidearen eskubideak defendatu ahal izateko, eta aldi berean, beste senideekin esperientziak konpartitzeko aukera izateko.



Bestetik, adimen urritasuna duten pertsonentzako aukerak sortzea, kalitatezko bizitza izan dezaten eta euren gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten. Eta azkenik, gizartea positibora aldatzea, hau da, adimen urritasuna duten pertsonekiko jarrera positiboak sustatzea.

Adimen urritasuna duen pertsonarentzat oso garrantzitsua da ingurune lagunkoia izatea, alegia, ingurune atzegizalea izatea. Bere gaitasunetan sinesten duen ingurunea, pertsonak diren bezala onartzen dituena, behar duenean laguntza eskainiko diona eta elkartasuna eta elkarlaguntza ezaugarritzat dituena. Hori da, hain zuzen ere, atzegizaleak egiten duena: gizarte atzegizaleago bat sortzeko jarrera positiboa sustatzea. Horrela, adimen urritasuna duten pertsonek euren berezko ingurunean gustura bizitzeko aukera dute eta beste edonor bezala gizarteko partaide aktibo bilakatzen dira.

Gaur egun, adimen urritasuna duten pertsonek emateko asko dutela erakustea da gure erronkarik handiena. Urteetan zehar laguntza eta zerbitzuak behar dituzten pertsona bezala ikusi ditugu; gutxitan ikusten ditugu pertsona hauek dituzten dohainak, gizartean egiten dituzten ekarpen positiboak eta erakusten dizkiguten elkartasuna, tolerantzia eta baikortasuna. Gauzak beste modu batean ikusteko aukera ematen digute ingurukoei. Horixe izan da, hain zuzen ere, gure aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua. #ElkarriOn lelopean, adimen urritasuna duten pertsonekin harremantzeak bi aldeei eragiten dien onurak zabaldu eta ezagutzera eman nahi izan ditugu.

Kanpainaren hasierarekin batera, Gipuzkoa osoari #ElkarriOn selfieak bidaltzeko deialdia egin genion. Argazki horien bitartez euren senide, lagun eta ezagunengandik jasotako ezagupen eta ekarpen positiboak ezagutu nahi genituen. Ehunka selfie jaso eta gero, berretsi dezakegu adimen urritasuna duten pertsonek asko dutela emateko, eta indarberrituta gizarte atzegizaleago bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu.