Elikagaiek gehiago iraun dezaten truko batzuk

Hobe al da fruta hozkailuan gordetzea? Eta txokolatea? Zenbat iraungo digute mandarinek frutaontzian idortu aurretik? Hona hemen gure elikagaiek gehiago irauteko (eta zaborretan ez amaitzeko) aholku erabilgarri batzuk.

Kontserbazioa antzinatik datorren artea da, eskasi garaietatik hain justu. Janariak asteak edo hilabeteak iraun behar zituen garaietan, gosea ez pasatzeko erabiltzen zen teknika da. Egun, elikagaiek irautea funtsezkoa da krisi klimatikoaren aurkako borrokan. Elikadura hondakinak CO2 igorpenen %10aren arduraduna dira urtero. Beraz, kopuru hau murrizteko neurriak gure sukaldetik hartzen hastea gomendagarria da. 

Gainera, elikagaiak kontserbatzeak dirua aurrezten lagunduko digu, eta bide batez, zapore eta testura berriak ezagutuko ditugu. Truko errazekin (eta teknologiaren laguntza apur batekin) elikagai hondakinen kopuru handiena ekidin liteke. 

Hasteko, sukaldean ordena eta garbitasuna mantentzea ezinbestekoa dira. Etxetresna elektriko bakoitzaren funtzioa eta dituzten espazioak zein diren ongi ikastea ere garrantzitsua da. Hau da, zer doan hozkailuan, zer izozkailuan, frutaontzian, armairuetan eta janaritegian. Begi bistakoa dirudi, baina ez da: dena ezin da leku berdinean gorde, elikagai batzuk besteekin kontaktua egitean narriatzea azkartu edo moteltzen baita. 
Hozkailua haragiak, arrainak, esnekiak, jogurtak, arrautzak, marmeladak, saltsak, kontserbak, preparatutako jakiak eta likidoak jasotzeko diseinatua dago. Hain zuzen, barazki eta frutarentzat leku berezi bat izan ohi du, baina ezin dira fruta eta barazki guztiak hozkailuan sartu. Bananak, meloiak, ahuakateak, ananak, tomateak (berdeak), patatak eta pepinoak etilenoari eta hotzari sentikorrak dira, horregatik gomendagarria da frutaontzian gordetzea jada helduak daudenean.

Hozkailuaren barruan garrantzitsua da elikagai batzuen eta besteen artean espazio bat uztea eta, hotzaren arabera, gune bakoitza zertarako den definitzea. Hozkailuek hotza behetik gora banatzen dute, eta horregatik, azpiko guneak epelagoak izan ohi dira. 

Beheko tiradera egokiena da fruta eta barazkiak gordetzeko eta azpiko erretilua haragi eta arrainarentzat. Erdiko gunea soberakinentzat, desizoztu beharreko elikagaientzat, jogurtentzat eta esnekientzat. Azkenik, goiko aldea egokiena da hestekientzat, pastarentzat eta prestatutako platerentzat. Hozkailuaren atea berriz, likidoentzat, marmeladarentzat, gurinarentzat, saltsa eta arrautzentzat (goiko aldean). 

Bestalde, izozkailua gomendagarria da haragi, itsaski eta arrainen kontserbaziorako. Hozkailuan eduki ohi ditugun elikagairik gehienak izozkailuan sartu litezke arazorik gabe, baina garrantzitsua da jakitea batzuk sentikorragoak direla besteak baino, eta euren propietateak gal ditzaketela edo euren zaporean aldaketa esanguratsuak jasan. 

Hozkailu eta izozkailutik at, armairuak leku bikaina dira lehortasuna, freskotasuna eta iluntasuna behar duten elikagaientzat: arroza, pasta, fruitu lehorrak, kafea, txokolatea, ogia Oro har, karbohidratotan aberats diren prestatu gabeko janari guztia gorde daiteke bertan. 

Hona hemen elikagaien bizia luzatu eta hauek zaborretara ez botatzeko aholkutxo batzuk:

Hozkailuan sartu aurretik ondo garbitu eta lehortu barazkiak. Zikin arrasto guztiak ezabatzeko pauso garrantzitsua da eta gakoa da lizunak, onddoak eta bakterioak ez agertzeko. 

Tipulak elkar ukitu gabe gorde. Elkar ukitzen ez badute euren transpirazioa eta freskotasuna hobeto mantenduko dute. 

Aromandun belarrekin sorta bat egin eta uretan sartu, hozkailuan. Loreen moduan, belar aromadunak eta barazki mota batzuk hobeto mantentzen dira urarekin kontaktuan baldin badaude.

Pataten artean pare bat sagar ipini euren heltzea atzeratzeko. Sagarrek sortzen duten etilenoak tuberkuluei sustraiak jaiotzea ekidingo du. Ah! Eta tipulak beti patatetatik bananduak egon behar dute. 

Frutu gorriak ura eta ozpin zuriaren nahasketan irakuzi. Honela edozein bakteria ezabatuko dira 10 minuturen buruan fruituaren zaporea galdu gabe. 

Poltsa hermetikoak edo egunkari papera erabili sagarrak hozkailu barruan gordetzeko. Aipatu dugun bezala, sagarrek etilenoa askatzen dute. Horregatik gomendagarria da modu honetan biltzea ondoan dituen fruta eta barazkien heltze prozesua ez dezaten azkartu. 

Banana muturrak aluminio paper apur batekin bildu hozkailuan sartu aurretik. Bananak oso azkar heltzen dira eta honek prozesua apur bat geldotzen du. 

Onddoak paperezko poltsetan biltegiratu hozkailu barruan. Onddoak nahiko sentiberak dira eta modu honetara hauek lehortu eta usain txarrak hartzea ekidingo dugu. 

Film paperean bildutako entsaladen artean sukaldeko papera jartzea. Uraza apurrak zaborretan amaitu ez dezaten  truko bikaina da. Jarritako paperak egon litekeen hezetasun apurra sugartuko du, denbora gehiagoz iraunaraziz modu egokian. 

Ahuakatea txikituari limoi apur bat bota eta film paperarekin estali. Ahuakatea oso azkar oxidatzen da eta limoiaren azidotasunak geldotu egiten du prozesua. Truko bikaina da guakamolea egiten dugunerako.

Elikagaiak beirazko tupperretan kontserbatu. Plastikozko ontziek mikropartikualk askatzen dituzte eta kaltegarriak izan litezke gure osasunarentzat. Beira beti izango da aukerarekin onena janari eta edariak kontserbatzerako garaian. 

Baratxuriak kartoizko kaxetan gorde.
Onddoekin gertatzen den moduan, baratxuriak paperarekin bilduta ez dira horrenbeste lehortuko eta ez dituzte nahi ez ditugun usainak bereganatuko. 


Fruta eta barazkiak deshidratatu. Hau egitea beti ezinezkoa bada ere, eman nahi diogun erabileraren arabera, oso aukera gomendagarria da. Modu honetara denbora pila irauten baitute.

Tomate berdeak kanpoko tenperaturan mantendu, paperezko poltsa baten barruan eta zurtoina kanpoan dutela. Heldutako tomateak hozkailu barruan. Tomate berde bat hozkailuan sartzen badugu ontzen denbora asko igaroko du, tomate jada heldua berriz, hozkailutik kanpora berehala ustelduko da.