Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak sortu ditu

Ahots-testu pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen du, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duten sistemak sortuz.

Elhuyarrek hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan lanean jarraitzen du eta oraingoan testua ahots bihurtzeko sistema neuronalak sortu ditu, Orai adimen artifizialeko langunearekin elkarlanean. Entzuterakoan ahots bidezko testuek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Elhuyarrek bere TTS ahots propioak jarri ditu eskuragarri, baina ahots-testu pertsonalizatuak sortzeko aukera ere izango da. 

Benetakoak diruditen ahots sintetikoen sorta bat jarri du erabiltzaileen eskura Elhuyarrek, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, webguneetan txerta daitekeen barra irakurlea ere sortu du. Barra-irakurlea webgune batean ipiniz gero, bertako edukiak ahots sintetikoen bidez entzun ahal izango dituzte erabiltzaileek, play botoiari emanda. Gainera, aldi berean, TTS ahotsa irakurtzen ari den testu-zatia nabarmenduta erakusten da. Edozein aplikaziotan ere ipin litezke, eskuragarri jarritako REST APIaren bidez. Horrela integratu dira ahotsak hiztegiak.elhuyar.eus webgunean.

 

TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere bada, pertsona baten ahotsa oinarri hartu eta hura imitatzen duen sistema bat sortuta. Ahotsak pertsonalizatuak dira, eta bakarrak. Hala, enpresek beren marka-izaera eta branding-estrategia indartuko duten ahots propioak sor ditzakete, edota bezeroekiko komunikazio digitalean erabili, hau da, erantzungailu automatikoan, ikus-entzunezkoetan...