Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko deialdia egin dute

Euskal Herriko ikastetxeetako 12 eta 18 urte arteko gazteek ikerketa edo teknologia proiektua egin beharko dute taldeka, eta otsailaren 28ra arte eman daiteke izena.

Aurten hamargarren urteurrena beteko du Elhuyar Zientzia Azokak eta bertan parte hartu ahal izateko izena emateko epea zabaldu dute. 2013an egin zuten lehen edizioa eta ordutik 12-18 urte bitarteko ia 7.000 gaztek hartu dute parte. Guztira 1.089 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko egin dituzte gazteek, eta, horietatik, 720 lan inguru aurkeztu dituzte Bilbon antolatu diren azoketan.

Zientzia eta teknologia proiektuak garatzeko gonbita luzatu die Elhuyarrek Euskal Herriko ikastetxe guztietako 12-18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei. Izan ere, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimena da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten sortua. 

Erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira gazteak talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektua zein proiektu teknologikoa izango da. Ekainaren lehen asteburuan egingo dute Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia Bilboko Areatzako kaian eta gazteek eginiko lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da bertan.

Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-taldea ere prest du Elhuyarrek; 301 ikertzailek eman dute izena 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko. Ikertzaileen % 52 emakumeak dira, % 47 gizonak, eta, gainerakoak, ez-bitarrak. Hala, beren proiektuen barnean, "gazteek zientzia eta teknologiako benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte eta beren lanean bidelagun izango dituzte".

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak  eta izena emateko formularioa, Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.