Elhuyar Zientzia Azoka egingo dute Bilbon

Epaimahaiak hautatutako hogei proiektu erakutsiko dituzte Areatzan. Sari banaketa ere izango da arratsaldean.

Elhuyar Zientzia Azoka egingo dute bihar, larunbata, Bilboko Areatzan eta 12-18 urte arteko gazteek ikasturtean zehar egindako proiektu zientifikoak erakutsiko dituzte bertan. Edizio honetan 110 proiektu aurkeztu dituzte eta epaimahaiak 20 aukeratu ditu; horiek dira, bizi dugun osasun larrialdia dela eta, parte hartuko dutenak. Arratsaldean sari-banaketa egingo dute, 17:00etan, Zabalgune eraikinean eta edonork egin ahal izango du jarraipena, streaming bidez eskainiko baitute. Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea, zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da.

Gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute azokan. Ikertzaileek gazte parte-hartzaileen gidari eta aholkulari lanak egiten dituzte eta aurkeztutako lanen ebaluazio-prozesuan parte hartzen dute. Unibertsitateek stand propioa izango dute, euren ikerketa-proiektua jendaurrean erakusteko. 

Hautaketara aurkeztutako proiektuak 110 izan dira guztira, 353 gaztek eginak. Horietatik 82 euskaraz izan dira, 19 gaztelaniaz eta 9 ingelesez. Gai-adarrak orotarikoak izan dira: biologia/geologia, energia, fisika/kimika, gizarte-zientziak, humanitateak, ingeniaritza/teknologia, ingurumena/ekologia eta osasuna. Gazteen lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai.