Elhuyar hiztegiaren bisita-kopuruak %50 egin du gora

50 milioi kontsulta baino gehiago egin dira 2022an. Ordenagailuan instalatzeko aukera ere bada orain.

Elhuyarrek jakinarazi duenez, hiztegia gero eta gehiago erabiltzen da, bisita-kopuruak gora egin baitu 2022. urtean: webguneko bisitak %50 igo dira. Sei milioi bisita baino gehiago izan ditu, eta erabiltzaileek 50 milioi kontsultatik gora egin dituzte. 

Joan den urtean 966 sarrera berri gehitu dituztela ere azaldu dute, esaterako, antiespezista, autozainketa, heteronormatibo… Bestalde, beste 1.003 unitatetan aldaketak egin dira: liburu-euskarri, ahogozagarri… 

Horretaz gain, hiztegiko zenbait lagin ere aztertu dituzte genero-ikuspegia kontuan izanda, eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzaileak moldatu egin dira. Batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak gutxiesgarri markaz hornitu dira (ematxar, maritxu); eta, bestetik, hiztegiko adibideen errepasoa egin dute, genero-ikuspegiarekin loturiko estereotipoak saihesteko (haragikoi) eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko ("sarrailagile gisa lan egin nuen: trabajé como cerrajera”).

Hiztegiaren aplikazioa ordenagailuan
Beste berrikuntza bat ere badu Elhuyar Hiztegiak: ordenagailuan instalatzeko aukera. Hiztegia ordenagailuaren mahaigainean instalatu eta, aplikazio horren bidez, edozein programatatik kontsultatu daitezke euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko hitzak Elhuyar Hiztegian. Horretarako, kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Hala, hitz horrekin lotuta Elhuyar Hiztegian dagoen informazioa azalduko da leiho berri batean. Aplikazioa Windows, Linux eta Mac sistema eragileetan erabil daiteke.