Elektrotasuna 4

EHZ Festibalerako giroa berotzen hasteko musika elektronikoko kontzertua eskainiko da maiatzaren 2an. Argi, dezibelio eta erritmo dosi egokiek airean jarriko dute Hazparneko Mendeala aretoa. 


Uztailaren 1, 2 eta 3an ospatzen da EHZ. Bost gunetan 60 kontzertu eta 20.000 lagun bilduko dira Heletan. Urteroko arrakasta eta inguruan sortzen duen bizitza ikusita urte osoan zehar ekimenak proposatzeari ekin zioten duela denbora bat antolatzaileek.
Arrakastatsuenetariko bat Elektrotasuna da. Musika elektronikoa, argiei eta bolumenari dagokionean inolako mugarik gabe, herri baten kanpokaldean kokaturiko aretoan.

Euskal Herriko elektra eszena garatzea da ekimen honen helburua eta horretarako nazioarteko punta-puntako taldeak ekartzeaz gain bertako norbaiti ere ematen zaio aukera. Aurten Dash Kulsterz baionarrei tokatu zaie. Bakoitzak bere aldetik hamar urteko ibilbidea duten bi dj dira Raky eta Bass. Duela urte hasi ziren elkarlanean eta house, hip-hop, italiar-disco eta funka nahasten dituzte.

Eurekin batera Toxic Avenger paristar dj ezaguna, South Central ingelesak beteranoak eta Les Petits Pilous elektro bikote kortsikarra arituko dira.

Sarrerak Iparraldeko hainbat dendatan eta EHZren webgunearen bidez daude eskuragarri, 17 eurotan.