Eleizetan kontzertu sorta Amorebieta-Etxanon
Datorren larunbatean, maiatzak 5, hasi eta hilaren 20ra bitarte bost kontzertu eskainiko dituzte Amorebieta-Etxanoko eliza eta basaelizetan. Ganberako musikaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Eleizetan ekimenak. Besteak beste, Shinez Jazz manouche talde kataluniarra eta Sonar haize boskotearen kontzertuak izango dira entzungai.
Aurtengoa XIII. edizioa izango da, eta esperientzia handiko eta kalitate bikaineko musikariak hurbilduko dira Bizkaira. Maiatzaren 5ean, larunbata, emango zaio hasiera ekimenari German Diazen Metodo Cardiofonico ikuskizun berriarekin. Bihotzaren taupaden erritmoan oinarritutako obra da, eta horietatik abiatuz, soinudun unibertsoa eratuko du playasax, rolmonika kromatikoa, musika kaxa, barbariako organoa, zanfona eta zuzenean egindako loop-grabazioak erabiliz.
Dena den, ganbarako musikaren baitan hainbat estilo jorratu nahi izan dituzte Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx Zornotzako erakunde autonomoak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Jazz erritmoak, haizezko instrumentuen melodiak, pianoaren eta bonbardinoaren uztartzetik eratorritako kantak eta sokazko ganbara taldearen piezak entzungai izango dira.
Kontzertuak Amorebieta-Etxano inguruko eliza eta basaelizetan izango dira, eta horien aurretik, ordu erdi lehenago, autobus zerbitzua izango da Nafarroa zentrotik.
Maiatzaren 5ean, larunbata, German Diazen kontzertua
Boroako San Pedro basaelizan eskainiko du kontzertua German Diazek, 20:00etan hasita. Metodo Cardiofonico izeneko ikuskizunean bihotzen taupaden oinarritutako doinuak eskainiko ditu Valladolideko musikariak.
Maiatzaren 11n, ostirala, Shine Jazz manoucheren kontzertua
Dudeako San Miguel basaelizan izango da kontzertua, 20:00etan. Alberto Bellok manouche gitarra jotzen du, Chinok slide gitarra, eta Rod Devillek kontrabaxua. Talde bartzelonarra jazzaren eta manouchearen magiaz betetako elkartetik sortu zen, hau da, Django Reihardt manouche gitarra jotzaile handiaren eta 30. hamarkadako jazz amerikarraren arteko elkarketatik.
Jazzean inprobisazioa da ardatz, eta Shine Jazz manoucheren ikuskizunetan ijioten musikak berezko dituen kolore bereziak, esaldiak eta birtuosismoa nabarmentzen dira. Musika osoa da, bere ezaugarri propioak dituena, amaigabeko bariazioez lagundua, eta geroz eta entzule eta musikari gehiago bildu ditu, doinu liluratzaileetara men eginda.
Maiatzaren 13an, igandea, Sonar haize boskotearen kontzertua
Bernagoitiko San Miguel elizan, eguerdiko 12:00etan. Xabier Calzada (zeharkako txirula), Mikel Albistur (oboea), Sergio Barranco (klarinetea), Guadalupe Molina (tronpa) eta Santiago Lopez (fagota) osaturiko taldea da, prestakuntza eta jatorri anitzeko musikariez osaturikoa, alegia, eta horrek oso soinu berezia eta tinbre anitz lantzeko aukera ematen dio taldeari.
Gioanicchino Rossiniren El barbero de Sevilla, Maurice Ravelen Le tombeau de Coperin, W. A. Mozarten Divertimento, eta Ferenc Farkasen Hungariako Dantzak obrak eskainiko dituzte.
Maiatzaren 19an, larunbata, Maite Omos eta Juanjo Muneraren kontzertua
Ergoiengo San Juan basaelizan eskainiko dute kontzertua, 20:00etan. Maite Olmos piano jotzailearen eta Juan J. Munera bonbardino jotzailearen uztarketatik sortutako musika izango da entzungai. Biak dira Goi Mailako tituludunak, eta talde askotan aritutakoak; esperientziadun musikariak izanik, kontzertu txukuna eskaintzeko prest izango dira.
Maiatzaren 20an, igandea, Brussels Virtuosi ganbara taldearen kontzertua
Etxanoko Andara Mari elizan izango da kontzertua, eguerdiko 12:00etan. Musikari gaztez osaturiko nazioarteko taldea 1981ean sortu zen, Marc Grauwels txirua jotzaile belgikarraren ekimenez, eta 30 urteko ibilbide luzean mundu osoan zehar ibili da, hainbat bakarlariren laguntzarekin. Besteak beste, Walonieko, Hong-Kongko, Ravelloko, Seuleko edota Tokiko nazioarteko jaialdietan hartu dute parte.
Amorebieta-Etxanoko kontzertuan Marc Grauwels zeharkako txirula jotzailea, Jean-Frederic Molard biolin jotzailea eta Red Gedci biolin jotzailea arituko dira bakarlari gisa. Hainbat CD grabatu dituzte, hala nola, Prix du Disque izenekoa, eta kantu sorta bikaina eskainiko dute beren mundu mailako biran egingo duten geldialdian.