Elebila
Interneteko mundu zabalean bilaketak egiteko euskarazko izaera gramatikala kontuan hartzen duen lehen bilatzailea sortu da: Elebila (http://www.elebila.eu). Horri esker, orain arte topatzen zailak ziren euskarazko informazioak errazago aurkitzeko aukera izango dugu.
Bilatzaile berezia
Elebila-n bilaketa bat egiteko, gainerako bilatzaileetan egin ohi duguna besterik ez dugu egin behar: bilatu nahi dugun hitza dagokion tokian idatzi. Ondoren, bilatzaileak aurkitutako emaitzak itzuliko dizkigu, eta emaitza horiek euskarazkoak izango dira. Horretarako, bilatzaileak Windows Live Search (http://www.live.com/) bilatzailean azterketa linguistikoa egiten du euskarazko informazioa besterik ez iragazteko eta deklinabidea ere kontuan hartuz.
Berezitasunak ere baditu, ordea. Hitz bat sartzen dugunean, eta bilatzaileak berak hitza gaizki sartu dugula pentsatzen badu, adiera egokiaren proposamen bat emango digu aukeran. Adibidez eritzia sartuko bagenu, sistemak berak hitz hori zuzena ez dela jakinda, iritzia hitzarekin egingo luke bilaketa.
Horrez gain, hitz batek dituen erabilpen guztietarako analisiak egiteko gai da. Hau da, gose hitza bilatzen badugu, adibidez, eta erabilitako analisia izenarena bada ere, adjektibo edo aditza bezala ere bilatzeko aukera ematen du.
Beste aukera berezi bat ere badu: hitz bat sartuz gero, haren aldaerak emateko gai da. Adibidez, gozatu sartuko bagenu, gozadu eta gozau hitzak ere emango lituzke.
Bilaketa motak
Bilaketa aurreratuagoak egiteko eta zenbait parametro pertsonalizatzeko aukera ere ematen du Elebilak. Aukera hauek ikusteko, bilaketa aurreratuetan (http://www.elebila.eu/search_advanced/) sartu beharko dugu. Laburbil dezagun laguntza orriak dioena (http://www.elebila.eu/help/):
Testua bere horretan bilatu. Aukera honen alde egin badugu, Elebilak ez du deklinabidea kontuan hartuko bilaketak egiteko orduan.
Webguneko emaitzen kopurua mugatu. Aukera honen alde egin badugu, emaitzan webgune bereko bi orri onartuko dira soilik.
Emaitza kopurua. Bilaketa baten emaitzan orri asko daudenean, 10, 20 edo 50naka ikusteko aukera dago.
Estaldura. Emaitzan soilik euskarazko web orriak lortzen direla bermatzeko, hainbat iragazki erabiltzen ditu Elebilak. Iragazki hau zenbat eta zorrotzagoa izan, orduan eta zailagoa da euskaraz ez dauden emaitzak lortzea. Emaitza gutxi lortzen diren kasuetan iragazkia ahulduta probatzea komeni da.
HARRITU GAITU
Freebatasuna. Euskal blogosferan Batasunaren Mahai Nazionalaren atxiloketen ostean izandako jarrerak harritu gaitu. Blog bat erabiliz (http://free-batasuna.blogspot.com), elkartasun mezu bat (Konponbide demokratiko baten alde: hitzak sobera daude) eta freebatasuna hitza zabaldu zituzten ehundaka blog eta webgunek: hitz hori Technorati blog bilatzailean bilatuena izan zedin lortu zuten.
KATXONDOENA
Umorea Euskaltuben. Lehen, umorezko euskarazko bideoak ikusteko, Youtube (http://www.youtube.com) edo Google Videora (http://video.google.com) joan behar genuen, baina orain erraz topa ditzakegu Euskaltuberen Umorea sailean (http://euskaltube.com/category_home.php?cid=Umorea). Honen adierazle ikus ezazue, adibidez, http://euskaltube.com/play.php?vid=654 bideoa.
INFORMAZIO BILA
Beharrak asetzeko. Ze Behar izeneko webgunean (http://www.zebehar.com/) zure beharrak jartzeko eta laguntza jasotzeko aukera duzu. Edozein gauza eskatu eta bertako partaideen erantzuna jaso dezakezu. Eta noski, besteei laguntzeko moduan bazaude, saia zaitez erantzuten.