Eleaniztasunaren eta literaturaren inguruko kongresua urrian

Quebec eta Euskal Herriko literatura merkatuaren azterketa egingo dute urriko online kongresuan. Komunikazio proposamenak bidal daitezke abuztuaren 13ra arte.

Besteen ahotsa/La Voix des Autres izeneko kongresua antolatu dute Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN klubak eta Euskal PEN klubak elkarlanean, Saison Québec – Pays Basque kultur trukaketa egitasmoaren baitan. Eleaniztasuna eta literatura izango du hizpide eta modu telematikoan garatuko da urriaren 13 eta 14an. 

Kongresuak alderdi ugari landuko ditu: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan. Aurkezpenak izango dira egunero, eta mahai-inguruak egingo dituzte saio bakoitzaren amaieran.

Jardunaldi hauen helburua "periferiatik edo bazterretik garatutako literaturen ikerketa konparatua sustatzea da, euren herrialdeetan lehentasunezko literatura merkatuak ez dituzten hizkuntzetan sortutako literaturak aztertzeko". Era berean, jardunaldiek Euskal Herriko eta Quebeceko errealitateak aztertuko dituzte literaturaren ikuspegitik. "Euskal Herriaren kasuan, euskara osasuntsu dago urtero 2.000 liburu baino gehiago argitaratuta, baina gaztelaniaren eta frantsesaren merkatu handiak euskal idazleen eskura daude, elebidunak baitira. Quebeci dagokionez, tokiko sorkuntza literarioak bidea urratu nahi du bi merkatu handiren artean, frankofonoa eta anglofonoa", azaldu dute antolatzaileek. 

Izena emateko epea irailean zabalduko da eta doakoa izango da.

Komunikazio proposamenak
Egun bakoitzeko jardunaldiak osatzeko asmoz, antolakuntzak komunikazioak aurkezteko deialdia zabaldu du ikertzaileen eta adituen artean. Kongresuko gaien inguruko ikerlerroak jorratzen dituzten akademiako kideek aukera dute abuztuaren 13ra bitartean euren proposamenak helarazteko. Deialdiaren inguruko xehetasunak webgunean topa daitezke.

Aurkezpenek 15 minutuko iraupena izango dute eta 10 minutuko galdera-tartea ondoren. Parte hartzeko interesa dutenek gehienez 300 hitzeko laburpen-proposamena bidali behar dute helbide honetara: balvda21@gmail.com. Mezu elektronikoan ikertzailearen izen-abizenak, unibertsitate-afiliazioa, hitzaldiaren izenburua eta gai-lerroa adierazi beharko dira.