Elbira Zipitriaren inguruko 'Elbira' dokumentala emango dute gaur, ETB1en

Zipitriaren lana eta ekarpena aitortzea du helburu ikus-entzunezkoak, eta ingurukoen testigantzak eta bere bizitzaren fikziozko pasarteak biltzen ditu.

Elbira Zipitria euskaltzale eta hezitzaile aitzindariaren inguruko Elbira dokumentalaren emanaldiak eskaintzen ari dira otsailean eta martxoan Gipuzkoako hainbat herritan eta gaur ETB1en ikusteko aukera izango da lehen aldiz.

Zipitrial etxez etxe antolatutako ikastoletan irakatsi zuen euskaraz, klandestinitatean, eta Iban Gonzalezek zuzendutako dokumentalak euskal gizartearen memoria historikoa lantzea eta Zipitriaren lana aitortzea du helburu. 

Bere bizitzaren pasarte fikzionatuen bidez, haren jatorria, konpromiso politikoa, erbestea, itzulera eta jarduna kontatzen ditu filmak. Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua ere ageri dira. Teresa Lopez de Munainek gorpuztu du andereñoa, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo aktoreek ere parte hartu dute.

Horretaz gain, Zipitria gertutik ezagutu zuten pertsonek ere eman dute bere berri: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe Ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola Ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.

Gaur gauean estreinatuko da dokumentala, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.