Ekon: ezetz geldirik egon!

Ekon taldea beti bezain indartsu itzuli da "Salatzen dut" hirugarren lanean. Disko zuzena eta entzunerraza da. Abeslari aldaketa dela eta, arreta handiz entzun dut diskoa. Etxeko batek hartu du orain mikroa: Juanito Sangre bateria ohiak. Bera izan dugu solaskide.


Hitz egidazu grabazio berri honi buruz...
Bi alditan egin dugu. Lehendabizi bateriak eta gainontzeko musika tresnak grabatu genituen, eta hilabete t´erdi beranduago, ahotsak eta sanplerrak. Horrela grabatzeak denbora eta aukera eman zigun benetako oinarriekin, ahotsak eta sanplerrak gehiago lantzeko.

Norekin lan egin duzue?

Soziedad Alkoholika taldeko Jimi izan da ekoizlea. Ondo ezagutzen gaitu, gure bigarren diskoa berak egin zuelako, eta badaki zein soinu lortu nahi dugun. Jimi buru belarri eta gogo handiz sartzen da proiektuetan, eta elektronika eta sanpler-ekin esperientzia handiko laguna da.

Kantuen konposaketan ere lagundu al dizue?

Ez. Horretarako nahiko bereziak gara, ez zaigu gustatzen gure abestiak eraldatzea. Diskoaren soinu ona bermatzea izan da bere zeregina.

Disko berri hau zuzenagoa da...

Bai. Horixe nahi genuen. Ez ditugu horrenbeste erritmo eta zati aldaketa sartu kantu berean. Disko honetakoak ez dira hain abesti korapilotsuak. Jendeak hori esan digu behintzat, errazago sartzen direla kanta berri hauek.

Zergatik ospa egin du Ibanek, orain arteko kantariak?

Bera ETBn ari da lanean, eta denbora asko kentzen dion produkzio berri batean hasi behar zuen. Oso zaila zen dena aurrera eramatea.

Nolatan animatu zinen bateria alde batera utzi eta mikroaren erantzukizuna zure gain hartzera?

Egia esan, abeslaria aldatzea ez da inongo txorakeria, eta aukeratzen duzun pertsonaren arabera, taldearen izaera alda daiteke. Finean, kantariak ematen du aurpegia momentu oro. Lagunek animatu ninduten, erdi txantxetan, erdi serio.

Baina kasting antzeko bat antolatu zenuten, ezta?

Bai. Hasieran abeslaria aurkitzeko, eta gero bateriajole berria aukeratzeko.

Eta pasadizo dibertigarriak ere gertatu ziren...

Bai. Gure jarraitzaile sutsu batek, kontzertu guztietara etortzen den horietakoa, froga egin nahi zuela esanez hots egin zigun. Lokalera etorri zenean, kantatzen tutik ere zekiela argi esan zigun, baina hortxe aritu zen, gu jotzen eta bera orroka. Gero baterijolea aukeratzeko frogetara berriro azaldu zen, horretan ere saiatu nahi zuela! Eta ondo jotzen du gainera! Oso jatorra da. Gurekin lokalean arratsalde bat emateagatik egin zuen hori dena. Hemendik agur beroa bidali nahi diot: aupa Imanol!

Aldaketak aldaketa, frogatu al duzue taldea zuzenean?

Bai. Horregatik atzeratu da pixka bat diskoa. Zazpi-zortzi kontzertu egin ditugu, alde batetik Eloi zuzenean bateria jotzen ikusteko, eta ni mikroarekin nola moldatzen nintzen neurtzeko. Oso ondo atera ziren.

Zuen musika eboluzionatzen ari da, kantaria eta baterijolea aldatu dituzue, baina honek  oraindik ere Ekon-en usaina dauka...

Bai, bai. Zuk esan duzu. Kantuek jada ez dituzte horrenbeste zati. Zuzenak dira. Nire ustez melodikoa dena melodikoago atera da, eta indartsua indartsuago. Dena den, Ekon da. Honakoa lehendabiziko entzunaldian sartzen den diskoa da. Bigarren diskoa nahasiagoa zen, eta zuzenean aurkezteko zaila zen. Lehenengo diskoak izandako arrakasta ikusita, bigarrena egiterakoan presio pixka bat izan genuen. Izugarrizko diskoa egiteko gogoa genuen, eta barroko samarra atera zen. Konponketa asko, xehetasun piloa... Estudioko disko ona zen, baina zuzenean mesede gutxi egiten ziguna. Azkeneko hau, berriz, zuzenekorako disko egokia da. Jendeak eskertzen egiten du.