'Ekologia gazteen ikuspuntutik' ikastaro birtuala martxan da
Bost ordu inguruko ikastaroa da eta ekologia eta munduaren etorkizuna aztertuko dira, gazteen ikuspuntutik.
TREBAgazteak programak Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza eskaintzen du eta aurtengo edizioan ikastaroetako bat, ekologiari buruzkoa, Gipuzkoangazte webguneko ikasgela birtualaren bidez egin ahal izango da. Ikastaroak bost ordu inguruko iraupena du, baina nahi eran egin daiteke.
Egungo egoera ekosozialaren oinarrizko kontzeptu batzuk landu eta ekologia eta munduaren etorkizuna aztertuko dira, gazte-belaunaldi baten ikuspuntutik. Ekintzailetza ekosozialaz, gizarte-kolapsoaren arriskuaz, jasangarritasunaren bideragarritasunaz eta deshazkundearen aukeraz ere arituko dira ikastaroa egiten dutenak.
Ikastaroa aldez aurretik grabatutako sei bideo (35 minutu guztira) eta sakontzeko hainbat dokumentuz osatuta dago: bi testu eta hiru iritzi-artikulu. Ondoren, galdetegi bat bete beharko da, aukera anitzeko hamar test-galdera, bakoitza bideo edo dokumentu batekin lotutakoa. Galdetegia ondo erantzunez gero, ikastaroa gainditu izanaren agiria jasoko da. Hizkuntzari dagokionez, ikastaroa euskaraz zein gaztelaniaz egin daiteke.
Parte hartu nahi duenak ikasgela birtualean izena eman beharko du.
