Ekintzaz betetako Exp0taku azoka izango da asteburuan Gasteizen

Animea, manga, bideo jokoak eta kultura japoniarra batzen dituen azokan erakusmahaiak, tailerrak, lehiaketak eta beste hainbat jarduera antolatuko dituzte.

Gasteizko Iradier Arenan kultura japoniarraren hainbat zaletu elkartuko dira larunbatean eta igandean. Exp0taku izeneko azokan manga, animea, cosplay-a, k-pop-a eta bestelako hainbat osagai izango dituzte bertaratzen direnek. 

Larunbatean anime sinopsien jokoa egingo dute, ramen minen erronka, friki ezkontzak, cosplay lehiaketa eta Japoniako mokadua, besteak beste. Bideo-jokoetan jokatzeko aukera izango da, eta tailerrak ere prestatu dituzte, hala nola norbere labubua sortzeko, Yokai maskara, eta Anya Edalontzi Tailerra. 

Igandean, berriz, karaoke lehiaketa, dantza cover lehiaketa eta cosplay pasarela egingo dituzte. Horretaz gain, Reze giltzatakoen tailerra, Altxorraren Maparen tailerra, japonieraren oinarrizko sarrera bat ere izango da. Bi egunetako egitarau osoa hemen kontsulta daiteke. 

Larunbatean 10:00etatik 21:00etara izango da zabalik, eta igandean 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak hemen eros daitezke eta tailer eta ludoketarako izena eman behar da aurrez.