Ekainaren 4an izango da Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Martxoaren 31ra arte eman dezakete argitaletxe eta autoekoizleek bertan parte hartzeko izena.
Argia astekariak jakinarazi duenez, ekainaren 4an izango da Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren hirugarren edizioa. Euskara hutsezko ekoizpenak izango dira Argiak eta Baltsan elkarteak antolatutako azokan.
Bertan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek eta izen-emate epea ireki dute martxoaren 31era bitarte, mahaien erreserba egin ahal izateko. Horretarako, baltsanelkartea@hotmail.fr email helbide idatzi behar da xehetasunak eta izen-emate fitxa jasotzeko. Indar berezia egin nahi dute diskogintza sustatu eta musikari leku gehiago egiteko eta, hori dela eta, ohiko diskoetxeez gain, dei berezia zabaldu diete autoekoizleei, euren ekoizpen eta taldeak ezagutarazteko. Komigintzaren alorra ere bultzatu nahi dute edizio honetan.
Lehen azoka 2019an egin zuten, baina 2020an ezin izan zen antolatu pandemiaren eraginez, eta 2021ean berreskuratu zuten hitzordua. Lehen edizioan hamazazpi argitateletxe izan ziren, bigarrenean hogeita hiru, eta kopurua handitu egingo dela aurreikusten dute antolatzaileek. Liburu eta disko salmentaz gain, ekintzez osatutako egitaraua ere izango da edizio honetan, eta ondoko asteetan emango dute haren berri.
