Eider Rodriguezek irabazi du 111 Akademiaren Saria
‘Eraikuntzarako materiala’ eleberria saritu dute akademiakideek. Ekainean emango diote saria egileari, jende aurreko ekitaldian.
111 Akademiak Eider Rodriguezi (Orereta, 1977) emango dio 2021eko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberria izendatu dute iazko liburuetatik gogokoena. "Irakurlea etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daraman literatur lan ederra. Idazkera neurtua eta neurritsua. Estilo aparta. Hunkigarria da ikustea zer nolako eragina izan zuen aitaren heriotzak protagonistarengan, eta zein ondo azaltzen dion hori irakurleari. Sakonera handiko erauzte psikologikoa. Protagonistak bere aita definitzen duen moduan definituko du akaso hainbatek nobela hau: gazia eta mingotsa. Zalantzarik gabe, maisulana", azaldu dute akademiakideek hautaketaren inguruan.
212 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 127k parte hartu dute sariduna izendatzeko urtarriletik apirilera egindako hiru bozketa txandetan. Rodriguezen lanak Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberria izan du lehiakide azken bueltan. Sari-emate ekitaldia ekaineko bigarren edo hirugarren astean egiteko asmoa dute.
Ibilbide luzeko saria
Euskal Herriko irakurleek ematen dute sari honek hogeita seigarren edizioa du aurtengoa. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal literaturaren plazan irakurleari hitza eta protagonismoa emateko asmoz. Azken urteotan honako hauek lortu dute saria: Pello Lizarralderen Argiantza, Karmele Jaioren Aitaren Etxea, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua, Katixa Agirreren Atertu arte itxaron, Mikel Peruarenaren Su zelaiak, eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Ramon Saizarbitoriaren Martutene, Harkaitz Canoren Twist, eta Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
