Eider Rodriguez eta Itxaro Borda dira 111 Akademiaren Sarirako finalistak

Akademiakideek ‘Eraikuntzarako materiala’ eta ‘Euri zitalari esker’ liburuen artean hautatu behar dute sariduna.

Juan Kruz Igerabideren Doneaneko alaba, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker, Lander Garroren Faith, Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia izan dira lehian 111 Akademiaren Saria lortzeko bigarren txandan, lehenengo bueltan boto gehien jaso ondotik. 

Bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen %40 lortu duen lanik ez da izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak aurtengo finalera pasatu dira: Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Itxaro Bordaren Euri zitalari esker. 2021eko 111 Akademiaren Saria nori eman erabakitzeko hirugarren eta azken bozketa txanda jarri berri du martxan akademiak, eta bi horien artean hautatu beharko dute sariduna akademiakideek apirilaren 24ra bitartean. 

Akademiak iragarri duenez, apirilaren amaieran emango du ezagutzera saridunaren izena.