Eibarko Antzerki Jardunaldiak otsailaren 14tik martxoaren 21era izango dira
Hogeita bost emanaldi egingo dituzte guztira. 'Esnearen kolorekoa', 'Almazenean' eta 'Badon*' ikusi ahal izango dira, besteak beste.
Otsailaren 14an hasiko da Eibarko Antzerki Jardunaldiaren 47. edizioa eta martxoaren 21era arte iraungo du. Bi eszenatoki nagusi izango dira emanaldietarako: Coliseo antzokia eta Eibar-Ermua Unibertsitateko Hezkuntza Esparruko antzokia. Guztira hogeita bi konpainiak parte hartuko dute eta hogeita bost emanaldi izango dira, haietatik zortzi euskaraz. Gainera, lan bat kalean eskainiko da.
Otsailaren 14an, 19:00etan, Anabel Alonso zuzendari eta aktoreak hitzaldia emango du Coliseoan, eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo du aurkezpena. Antzerkiak egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasunari buruzkoa izango da solasaldia. Hurrengo egunean, 19:00etan, Antonio Castro Guijosak zuzendutako eta Anabel Alonso protagonista duen La Celestina lana aurkeztuko dute.
Carmelo Gómez eta Miguel Hermosoren La Guerra de nuestros antepasados, María Goiricelaya zuzendariaren Nevenka, eta Begoña Bilbao zuzendari eta Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituen Almazenean komedia ere ikusi ahal izango dira.
Otsailean ikusi ahal izango diren beste lan batzuk hauexek dira: Andereño, umeentzako lana; Tómbola, dantza eta antzerkia; Poncia, drama; Días estupendos, tragikomedia; El jardín de las posibilidades, drama; Gurpil Gainean, kale antzerkia; eta Esnearen kolorekoa, drama.
Martxoan, berriz, obra hauek taularatuko dituzte: ¡Vamos, que nos vamos, komedia musikala; Edipo, drama; Almazenean, komedia; Mira hadi, antzerki dokumentala; Bihar arte soilik, komedia; N´Importe quoi, klun ikuskizuna; Proyecto Helen Keller, antzerki dokumentala; El viaje del monstruo Fiero; La sed del Minotauro, tragikomedia; Aquí no paga nadie, komedia; Masustondoen patioa, tragikomedia; eta Badon*, opera postdramatikoa.
Sarreren salmenta urtarrilaren 27an hasiko da, bai aurrez aurre Coliseo antzokian, eta baita modu birtualean ere. Sarrerak aurrez aurre erosteko aurretiazko hitzordua hartu beharko da hilaren 25ean eta 26an. Eta modu birtualean www.kutxabank.es webgunean eskuratu ahal izango dira. Funtzioak baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira sarrerak Coliseoaren leihatilan bertan.