EHZko hartza: "Nork esanen dio ezetz besotan hartzea besterik eskatzen ez duen hartz polit bati?"

Euskal Herria Zuzenean festibala uztailaren 3a eta 5a bitartean egingo
dute Lekornen. Musika, tailerrak, solasaldiak… ekintza ugari izango dira,
eta jende berria ezagutzeko paregabeko aukera izango da. Festibaleko Hartzak
ligatzeko trikimailurik eraginkorrenak kontatu dizkigu!



Zerk limurtzen du festibaleko Hartza? Ardi latxaren errapeek.
Eta zer ezin duzu jasan? Lehen solasean ‘ezkontza’ eta ‘haurrak’ hitzak entzutea.
Nolakoa zara distantzia motzetan? Nahiago ditut distantzia luzeak.
Zein da egin dizuten sexu proposamenik harrigarriena? Ez naiz oroitzen, baina, esnatzean bost ginen.
Nola hasiko zenuke gau bero perfektua? EHZko komun idorretan.
EHZ ligatzeko toki aproposa al da? Azterketak pasa ondotik, hormonak dantzan iristen dira gazte guziak...
Nola ligatzen da jaialdi batean? Oihaletxe handia duzula erranez.
Eta zer testuingurutan errazen; kontzertuetan edo ekintzetan? Errazen? Euskal Herrian ez da sekula erraza.
Ligatu duzunean, nola erabaki zein kanpin dendara joan? Oihaletxera? Horrelako pentze politak izanda inguru guzietan?
Zein izan da zurekin ligatu nahi zuena uxatzeko erabili duzun aitzakiarik merkeena? Ez zait sekula gertatu proposamen bati uko egitea! Momentuan momentukoa bizi eta aitzina!
Inoiz ezezkorik esan dizute? Nork esanen dio ezetz besotan hartzea besterik eskatzen ez duen hartz polit bati? Mesedez!
Konkistatzea atsegin duzu, edo nahiago konkistatu zaitzatela? Gustatzen zait ni konkistatzen saiatzen direnean… Baina, kasu! Aurten, zaflakoak emanen ditut eta.
Konkistatzen duzunean zeintzuk dira zure armak? Hartzak pelutxe itxura izan dezake, baina ehiztaria ere bada. Samurtasun eta gogortasun horren aitzinean edonor jartzen da belauniko! (Nire ametsetan horrela ikusten dut behintzat...).