EHZ, sekula baino indartsuago

Herri zapalduak ardatz izango dituen adituz josiriko eztabaida gune berria, gaztetxoentzako egitaraua, nazioarteko taldeak barneratuko dituen musika lehiaketa eta nola ez, dagoeneko iragarri duten kartel indartsua izango ditu ekainaren 27tik 29ra Lekornen egingo duten EHZ jaialdiak.



Euskal Herria Zuzenean jaialdi erraldoia nazioarteko erreferente bilakatu da dagoeneko, eta kontzertu bikainez haratago, trukaketa, eztabaida eta hausnarketa gune indartsua ere bada. Aurtengoan, inoiz baino leku gehiago eskaini nahi izan diote antolatzaileek eztabaida-guneari, eta Garroa gazteluko aretoak egokituko dituzte gogoeta-gunea bertan jartzeko. Noam Chomsky filosofo eta hizkuntzalaria –Skype bidez–, Adel Bakawan ikerlari eta idazle kurdua, Moussa Ag Assarid idazlea, CUP Kataluniako alderdi politikoko ordezkariak, eta beste hainbat aditu bertan izango dira herri zapalduen inguruan solasean.

Aurten, gainera, haurrei zuzendutako eguna barneratuko du festibalak. Ekainaren 27an egingo dute EHttipiZ alkoholik gabeko eguna, eta ingurumena, kultura, aniztasuna, trukaketa… ardatz izango dituzten jardueretan parte hartuko dute gaztetxoenek.

EHrZ musika lehiaketak ere dimentsio zabalago bat hartu du, eta nazioartera hedatu dute. Orotara, 15 kultura zapaldu ordezkatzen dituzten 90 talderekin jarri dira harremanetan antolatzaileak, eta haien artean onenak aukeratzeaz arduratuko dira ikusleak eta epaimahaia. Hautatutako 20 taldeek bilduma bat osatuko dute, eta jaialdian bertan kontzertuak eskainiko dituzte.

Eskuratu sarrerak lehenbailehen
Jaialdien arteko lehiakortasunari itzuli bat emateko asmoz, bertan ariko diren artistak iragarri baino bi aste lehenago, salgai jarri zituzten sarrerak beherapen interesgarriarekin. Orain, festibala heltzeko hilabete gelditzen den honetan 3 egunetako bonoa 56 eurotan erosi daiteke. Baina adi, guk egun bakoitzeko sarrera bikoitza baitugu irakurleen artean zozkatzeko. Beraz, badakizu: ibili bizkor eta parte hartu lotura honen bitartez.