EHZ-k datorren urteko jaialdirako bonua jarriko du salgai gaurtik aurrera

2023ko ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da jaialdia eta egunotan kopuru mugatuan jarriko dituzte salgai bonuak.

EHZ Festibalaren "Eguberriko bonua" erosteko aukera izango da gaurtik aurrera, "norberarentzat edo beste norbaiti oparitzeko". Jaialdiaren webgunean eskuratu ahal izango dira, baina kopuru mugatuan. Izan ere, lehen 150 erosleek soilik lortu ahalko dituzte Irisarriko festibalerako hiru eguneko sarrera eta EHZren oihalezko poltsa edo tote bag-a.

Horrez gain, bonua Euskal Herriko hainbat txokotan ere erosi ahal izango da, abenduaren 16tik aurrera: Irisarriko Gure Doia ostatuan, Larzabaleko Ezpeletenian, Hazparneko Lurra biodendan, Baionako Pyrénées (Xina) ostatuan, Azkaineko Xoko Onan, Donostiako Doka Kafe Antzokian, Bilboko Bira Kultur Gunean, Gasteizko Hala Bedi tabernan eta Iruñeko Laba gunean.