EHZ Festibalak udaberria ospatuko du bihar Biarritzen

Altsasuko gazteen kasuaren inguruko dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, eta poteo musikatua izango dira, besteak beste.

Uztailaren 1etik 3ra izango da Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiaren 26.edizioa Nafarroa Behereko Irisarri udalerrian. Batzordetako kideak lanean ari dira jada festibalerako kontuak antolatzen, baina aurrez beste hitzordu bat ere izango da bihar Biarritzen. Jaialdiak udaberriaren hasiera ospatuko du Lapurdiko kostaldean, eta loraldiari hasiera emango dio. 

EHZ Udaberria arratsaldeko 17.00etan hasiko da Le Royal zineman. Bertan, Amets Arzallus eta Marc Parramon-ek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala proiektatuko dute eta, jarraian, Amets Arzallusekin solasaldia izango da. 
 
 
Arratsaldeko zazpietatik aurrera, poteo alaitua izango da Miarritzeko ostatuetan barrena, Rakata'punk txarangarekin batera. Gaualdia Mizanbu gaztetxean bukatuko dute. Arratsaldean zehar zenbait sorpresa izango direla ere iragarri dute antolatzaileek.