EHZ festibalak doako aplikazioa sortu du mugikorrentzako
EHZ festibalak euskaraz eta frantsesez erabili ahalko den aplikazioa sortu du. Android mugikorrentzako prest dago, eta Iphone erabiltzaileek laster deskargatu ahalko dute.
Ekainaren 27tik 29ra Lekornen abiatuko den festibalaren gaineko informazioa biltzen du aplikazioak. Egunez eguneko egitaraua, taldeen gaineko informazioa edota lekuaren mapa kontsultatu ahalko dira Google Play bidez doan deskargatu daitekeen aplikazioan.
Aste bat baino ez da falta Lapurdi musikaz, tailerrez eta ekitaldiz josteko. Guztira 5 eszenatoki eta 60 ekintza prestatu ditu EHZ Festibalak. Besteak beste, Dub Inc, Pendulum, Esne Beltza, Zea Mays, Kàsbäd, Niña Coyote eta Chico Tornado edota Ruper Ordorika igoko dira Lekorneko oholtzetara.
Horrez gain, eztabaidarako tartea egongo da. Noam Chomsky pentsalariak hitzaldiak eskainiko du eta "Populu zapalduen bizipenak" ekitaldia egingo da, eta Azawad, Kurdistan eta Kabiliako errealitatea ezagutu eta eztabaidatzeko aukera egongo da.
3 egunetako bonoa 55 eurotan erosi daiteke jaialdiaren webgunean.