Egubakoitzak Kartzelan, hirugarrenez Bergaran

Maiatzeko ostiral gauak girotuko dituen kontzertu egitaraua osatu du Bergarako gaztetxeak. Egubakoitzak ekimenaren hirugarren edizio honek ere kandelak, kafea, txokolatea, tonika eta lanparak eramango ditu kartzela zaharreko kanpo eszenatokira.


Bergarako gaztetetxeko patioa, kartzela zaharreko patioa, leku magiko bihurtu dute Egubakoitzak Kartzelan egitasmoaren aurreko bi edizioek. Eta esperientzia errepikatu nahi dute.
Oraingoan, Anari, Joseba Irazoki, Borja Estankona, Markos Untzeta eta Jon Gurrutxaga bezalako egileak ekarriko dituzte maiatzeko ostiral gauak musika lasaiez kutsatzera. Kandelak, kafea, txokolatea, tonika eta lanparak ez dira faltako.
Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, eta sarrerak hiru eurotan izango dira salgai. Bestalde, jakinarazi dutenez, Bergarako Txapa irrati libreak emanaldi guztiak zuzenean igorriko ditu 97,2 FMan eta www.txapairratia.org atarian.


Maiatzak 4: Anari eta Joseba Irazoki


Anari belaunaldi eta mugimendu guzti baten isla da. Aurkezpenik behar ez duen bakarlaria, kultuzko arrakasta. Azkoitiarraren musikak aingurak altxa eta barruak dantzatzen dizkizu, irla bilakatzen zaitu. Amua ez da txikia. Kartzela zaharreko aspaldiko laguna den Anari bakarlari formatuan arituko da kontzertu berezi bezain interesgarri honetan.

Joseba Irazoki hamaika aurpegidun musikaria da. Zaila da berako bardoaren ibilbidea laburtzen: Onddo, Do, Atom Rhumba, On Benito, Rafa Rueda eta hamaika kolaborazio mota guztietako proiektuetan. Gutxi dira kantutegi tradizionala modu esperimental eta berritzailean jorratzen ausartu eta bizirik irteten direnak, konbikzioz eta zorotasun koherentez idatzitako bidaia da Irazokirena, bakarrik zein taldean, beti du zerbait oparitzeko prest.

Maiatzak 11: Borja Estankona eta Bertso-tavern


Borja Estankona musikari gazteak gertutik eta sentimenduz abesten du. Adinez gaztea izan arren, esperientziadun artista da Estankona. Gutxiago gehiago dela erakusten duten horietako bat, Egubakoitzak kartzelan-eko gauerako ondo lagunduta etorriko den arren.

Bertso-tavern proiektuan, izenak aurreratzen digun bezala, bertsoak dira erdigune. Bertsoen oinarritik ordea, musika eta erritmo biziko hitz jario musikatua sortzen da, bertsolaritzaren irekidura beste behin ikusgarri utziz. Tabernatik haitzulora zortziko txikian. Manex Agirre, Ander Solozabal eta Julen Zulaika dira proiektu honen atzean dauden artistetako batzuk.

Maiatzak 18: Jon Gurrutxaga eta Giranice


Jon Gurrutxagak odolean daramatza blues eta rock erritmoak. Txikitatik bizi izan du musika. Entzule bezala, lehenik, eta kantari eta bateria-jotzaile moduan, ondoren. Musikazaletasu-nak irratira eraman zuen eta irratiari dion maitasunak, kazetaritzara. Arima Beltzarenak egin zuen eta Jon &Sugramas taldearekin aritu ondoren, bakarlari moduan etorriko da kartzela zaharrera.

Giranice proiektuan eremu oso ezberdinetan ibilitako musikariak bildu dira. Kanta berean erritmo eta matiz aldaketa bortitz zein leunak uztartzen dituzte melodia batek gidaturik. Mezu baten ordez, egoera bat transmititzeko helburuarekin egiten dute iturri oso desberdinetatik edaten duen musika instrumentalista. Honetarako, rockean oinarritzen diren gitarren gainetik bibolin batek gidatzen du kantaren ildoa. Beraiengan ohikoa izan ez arren, erronka onartu eta formatu akustikoan ariko dira edizio honetako bitxikerietako bat izanik.

Ekainak 1: Igor Arzuaga & Luis Vil (Mara-mara) eta Markos Untzeta


Mara-mara proiektuaren bi erpin nabariak Igor Arzuaga (Aurrez mara bezala aritu zena egubakoitzak kartzelan-eko azken edizioan) eta Luis Vil zinemagile eta musikari ospetsua dira. Biei artista zerrenda nabarmen bat gehitzen zaie proiektu berri honi gorputza emanez.

Markos Untzeta herrialde anglofonoetan hezitako musikaria da. Ingalaterran igo zen lehen aldiz taula gainera. Londres eta inguruko hirietan ibili ez ezik, Bahametara ere iritsi zen bere gitarrarekin. Euskal Herrira bueltatzean berriro euskaraz idazten hasi zen.Bere musikak garbi erakusten du zein den bere bidea: pop-rock estiloa, blues-folk ukituekin. Eta zeintzuek izan duten eragina berarengan: Bob Dylan, Neil Young, Bruce Springsteen, Van Morrison...