Egin eta Orain-eko espetxeratuei babesa
Egin eta Orain-eko espetxeratuei babesa adierazi diete hainbat hedabideetako langileek. Komunikazioaren alorreko 300 bat langilek salatu dute 18/98 auziaren bidegabekeria.
Uztailaren 15ean hamar urte beteko dira Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituenetik. "Pertsiana operazioa" deitutako hura 18/98 auziaren lehen urratsa izan zen. Iazko abenduan heldu zen epaia: lau urte eta 24 urte arteko kartzela zigorra ezarri zizkieten Egin eta Orain-eko hamabi laguni. Hala ere, Egin-ena ez da urte guztiotan komunikabideen aurka izandako eraso bakarra: hori dira Ardi Beltza aldizkariaren eta Euskaldunon Egunkariaren itxierak.
Komunikazioaren alorreko langileek sinatutako agiriak "amesgaiztoa" ez dela amaitu gogorarazten du, eta "duela hamar urte hasitako bidegabekeriarekin aurrera jarraitzea deliberatu dutela". Hala, agirian azpimarratzen denez, "komunikazioaren munduko eragile eta langileek ezin dugu isilik geratu oinarrizko eskubideen zanpaketaren aurrean".
Hauxe da atxikimendua adierazteko helbide elektronikoa: orainegin@gmail.com.