Edurne Kortabarria: "Gu gara gehienetan mugak jartzen dizkiona gure buruari".
Edurne Kortabarria ilustratzailearen izena beharbada ez zaizue ezaguna egingo, baina Mari Matraka proiektu interesgarria ziur zuetako askok ezagutzen duzuela. Bartzelonan ikasketak burutu ondoren Aramaion bizi den ilustratzaile gazte honek emakumeen gorputzen aniztasunetik lortzen du bere inspirazio handiena, modu xume bezain ederrean neurri eta forma ezberdinetako gorputzak marraztuz, eta bide batez irudiaren bidez gugan ditugun konplexu eta mugak hausten saiatuz.
Nola sortu zitzaizun ilustrazioak sortzeko grina?
Betidanik gustatu izan zait marraztea. Txikitan pintura klaseetara joaten nintzen, baina institutuan hasi nintzenean pintura klaseak alde batera utzi behar izan nituen eta urte batzuk pasa nituen arkatz margoak hartu gabe. Urte batzuk beranduago, unibertsitatean nenbilela Visual Thinking metologiarekin hasi nintzen lanean eta berriz ere ekin nion marrazteari. Hala ere, kasu horretan irudiak enpresa estrategia ulergarriagoa eta praktikoagoa egiteko erabiltzen nituen. Urteak aurrera joan ahala, ilustrazio artistikoagoa gustatzen zitzaidala aurkitu nuen eta ordutik, ilustrazio munduan estilo desberdinak probatzen ari naiz.
Egun honetatik bizi al zara?
2018. urtean honetatik bizitzeko ahalegina egin nuen. Urte osoa pasa nuen freelance bezala proiektu pertsonal zein bezeroen enkarguetan lanean. Modu txiki batean ezaguna egin zen nire lana Euskal Herri mailan eta pozik nengoen lortutako emaitzekin, baina ekonomikoki ez zitzaidan guztiz errentagarria irten, beraz 2019 urte amaieran Bartzelonara ilustrazioko ikasketak egitera joan nintzenean lana alde batera utzi nuen eta ikasketetan erdiratzea erabaki nuen. Gaur egun, proiektu pertsonaletan, zein bezeroen mandatuetan jarraitzen dut lanean, baina soldata finko bat edukitzeko denda batean hasi naiz lanean.
Zein dira mundu honetan topatu dituzun mugak?
Azken bi urte hauek gogorrak egin zaizkit profesionalki eta pertsonalki. Nire ametsa honetatik bizitzea da, baina oraingoz behintzat beste lan batekin partekatu behar dut ekonomikoki bizirauteko. Askotan egoera honek desmotibatu egiten nau eta egiten dudanak pena merezi ote duen galdetzen diot sarri nire buruari, baina jendeak nire lana erosten duenean edota ezagutzen duela esaten didanean, desmotibazio hori desagertu egiten da eta berriz ere gogotsu hasten naiz lanean. Egia esan, gu gara gehienetan mugak jartzen dizkiona gure buruari.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Ilustrazio munduan sartu nintzenetik, buelta asko eman dizkiot gai honi. Hasieran, hau zen nire kezka handienetako bat: "zer estilo daukat? Estilo bat eduki behar al dut derrigorrez? Estiloa urteekin garatzen den zerbait dela uste dut. Ni aldatzen noan heinean estiloa ere aldatzen doa. Hala ere, beti jo izan dut estilo minimalista eta kolore gutxiko batera, beraz modu batean edo bestean, nire estiloa definitu behar banu line art bezala definituko nuke.
Beste estilo edo arloak jorratzea gustatuko al litzaizuke?
Noski. Aurretik aipatu dudan bezala, estiloa urteekin aldatzen edo definitzen joaten gara. Gainera, gero eta arlo zein teknika gehiago probatzen baditut badakit gero eta aberatsagoa bihurtuko dela nire estiloa eta lan egiteko modua.
Mari Matraka bezala hasi zinen, egun eboluzionatu egin duela dirudi... azaldu zein den Mari Matraka ezagutzen ez duenari.
Bai, Mari Matraka bezala hasi nintzen lanean ilustrazio munduan eta izen horrekin egin zen ezaguna nire lana. Betidanik gustatu izan zaizkit gorputzak eta hauen aniztasuna. Mari Matraka proiektuan gorputzak marrazten hasi nintzen eta ilustrazio horiek osagarri textiletara zein paperera eraman nituen. Bartzelonan, ilustrazio ikasketak egiten nenbilela, beste estilo batzuk probatzen hasi nintzen. Aurrez ere komikiak kontsumitzen nituen, baina sekula ez nintzen ausartu komiki bat zerotik sortzera. Orduan eman nion buelta Mari Matraka proiektuari. Egun, komiki pertsonai bilakatu dut Mari Matraka eta pertsonai honek bere egunerokotasunean gertatzen zaizkion istorioak kontatzen ditu @mari_matraka kontuan.
Egun "Maitasun propioa" izeneko proiektu pertsonalean ere bazabiltza ilustrazioa eta argazkilaritza uztartuz, zertan datza?
Aurretik aipatu dudan bezala, gorputzak eta hauen aniztasun zein formak marraztea gustatu izan zait betidanik. Nire gorputzarekin lan egiteko gogoarekin nenbilen aspalditik. Konfinamenduan sortu zitzaidan "Maitasun propioa" proiektuaren ideia. Denbora asko pasatzen dugunean gure buru eta gorputzarekin, obsesionatu egiten gara honetan eta gutxien gustatzen zaizkigun atalak ikusten hasten gara haiekin obsesionatu arte. Naizen modukoa onartzen eta maitatzen hasteko helburuarekin sortu nuen proiektu hau, nire helburu bera duten lortu pertsona guztientzat: garen modukoak onartzen eta maitatzen ikastea. Argazkilaritza eta ilustrazioa nahasten dituen proiektu bat da eta baliteke etorkizun batean osagarri editorial eta textiletara eramatea. Proiektua ikusgai dago nire Instagrameko perfilean @edurkortabarria
Noiz ematen duzu bukatutzat ilustrazio bat?
Gehienetan oso argi edukitzen dut nolakoa izango den marrazten ari naizen ilustrazioa, beraz buruan daukadana paperean ikusten dudanean bukatutzat ematen dut lana. Hala ere, zalantza asko dituen pertsona naiz, beraz batzuetan asko kostatzen zait bukatutzat ematea nahiz eta buruan nuen hura paperean ikusi. Beste ilustrazio batekin hasi arte ez dut aurrekoa bukatutzat ematen.
Irudiaren garaian bizi gara, uste al duzu irudi batek mila hitzek baino gehiago esan dezakeela?
Orain arte beti pentsatu izan dut hori, baina azken urte hauetan liburu artean pasatzen dut nire denbora libreko zati handi bat eta noizean behin buruan daukadana idatzi egiten dut. Gainera, azken aldian sareetara igotzen ditudan irudiak momentuan sentitzen dudana azaltzen duen testu batekin jartzen ditut. Beraz, batek bestea osagarritzat duela uste dut. Irudiek interpretazio askotarikoak izan ditzakete eta pertsona bakoitzak gauza bat uler dezake ilustrazio bat ikusten duenean. Hori oso polita da, baina nik badaezpada neuk ulertu edo sentitzen dudana ere azaltzen dut.
Jendea prest al dago sortzaileen obrengatik ordaintzeko? Behar den balorea ematen al zaie?
Nire esperientzia pertsonala kontutan hartuta, kultura munduan dabilen jendeak prestutasun handiagoa dauka sortzaileon obrengatik ordaintzeko beste arloetan lan egiten duten pertsonek baino, ez dakit, elkartasun antzeko zerbait dela esango nuke. Horrez gain, nire gertukoenek, familiak edota lagunek bai ematen diote balorea nire lanari eta prest egoten dira obrengandik ordaintzeko. Suposatzen dut gertutik ikusten dutelako sartzen ditudan ordu luzeak eta jartzen dudan esfortzu eta gogo guztia. Gaur egun dugun kontsumo eredua eta jendarteak pairatzen duen zapalkuntza ekonomikoak ere zer ikusia daukala esango nuke. Zaila da marka handiekin lehiatzea.
Pandemia garai honegatik zure lanean aldaketak somatu al dituzu?
Egin esan, denboratxo bat geldi egon naiz eta ez dut lan askorik egin nire proiektuetan. Profesional zein pertsonalki geldialdi bat eman nion neure buruari eta pandemia garaia hasi zenetik ez dut aldaketa handirik sumatu. Orain, berriz ere martxan jartzen hasi naizen honetan zailtasunak ditut ilustrazio zein diseinu munduan lana aurkitzeko. Hori dela eta ekin diot denda batean lan egiteari, baina oso burugogorra naiz eta nirean lanean jarraitzeko asmoarekin nabil. Beraz, agentzia, aldizkari zein inguruko beste erakunderen batek nirekin lan egin nahi baldin badu beso zabalik jasoko ditut eskaintza horiek.
Etorkizunera non ikusten duzu zure burua?
Etorkizun motzean, gaur egun nagoen bezala ikusten dut. Dendan lanean eta tarte libreetan proiektu pertsonal zein bezeroen mandatuetan lanean. Etorkizun luzean, espero dut ikasi dudanarekin zerikusia duen lanen bat aurkitzea edota nire ametsa betetzea; nire sorkuntzatik bizitzea.