Eduardo Chillidaren obra zabaldu eta ospatuko dute datozen hilabeteetan

2024ko urtarrilean izango da bere jaiotzaren mendeurrena eta hainbat ekintza antolatuko dituzte: erakusketak, dokumentala...

2024. urteko urtarrilaren 10ean beteko dira ehun urte Eduardo Chillida Donostian jaio zela, eta urteurrena tarteko, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu artistaren obra zabaldu eta ospatzeko. 

Hasteko, hamasei tonako Topalekua IV  eskultura Bilboko Arte Ederren museotik Chillida Lekura eramango dute. Bertan egongo da Bilboko museoko lanak bukatu bitartean.

Bestetik, Austriako Kusthalle Krems  museoak Chillidaren lanez osatutako erakusketa jarriko du apiriletik irailera bitarte. Artistaren 80 pieza izango dira bertan.

Gainera, Arantxa Aguirre zinemagileak Chillida Leku sortzeko prozesuaren eta espazio horren historiaren inguruko dokumentala egingo du, eta Nerea argitaletxeak eskultorearen katalogo arrazoituaren laugarren liburukia argitaratuko du, lau liburukiak batzen dituen edizio mugatuko estutxearekin batera.