Edorta Jimenez: Omar Nabarroren itzulera

Gari Berasaluze
Euskarazko idazle oparo eta ausartenetakoa da Edorta Jimenez (Mundaka, 1953). Poesia, eleberriak, narrazio liburuak, kronikak, saiakerak, biografiak, haur literatura edota memoria erotikoak argitaratu izan ditu 1985az geroztik, ia etenik gabe, euskal literatura garaikideak eman duen idazle emankorrenetakoa bihurtzeraino.
“Poesiarako ahots bat” sortu zitzaion 15 edo 16 urte zituenean, eta ahots hari Omar Nabarro izena eman zion. Heteronimo harekin sinatu zituen lehen liburuak, eta heteronimo horri heldu dio poesia argitaratu izan duen bakoitzean. Orain, Itxastxorien bindikapena (1985) argitaratu eta hogeita bat urte geroago, beste poema liburu batekin itzuli da Omar Nabarro: Haragizko amoreak (2010). “Aberria, natura eta literatura alde batera utzita, haragia izan da niretzat bizitzan inportanteena”, eta horren gorazarrea da, nolabait, poema liburu hau. Haragia, portua, hiria, itsasoa, sagarrak, kresala, emozioen itsasgora… Omar Nabarro, biluzik.
Omar Nabarroren ahotsarekin bezala, Edorta Jimenezen ahotsarekin ere lasai biluzten da idazle mundakarra, eta lotsarik gabe esaten du inork esaten ez duena: “Euskal literaturari kiratsa dario”, edo “euskal literatura anormala da, munstroa, organo bat hipertrofiatua edo hipotrofiatua duena”.
Edorta Jimenezen ahots horrek berak, gainera, luma ere hartzen du. Bibliografiari begira hasi eta ezinbestekoa da lan batzuk soilik hautatzea zerrenda gehiegi luzatuko ez bada. Eta hautatu beharra beti zeharo bidegabea den arren, ezin Itxastxorien bindikapena, Speed gauak, Azken fusila, Baleen berbaroa, Sukar ustelaren urtea, Atoiuntzia, Urdaibaiko ipuin eta kondairak, Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan edota Stock 13 nabarmendu gabe utzi, hitza mailu bihurtu eta lehorrean ondutako sagarrak guztiak, arrantzale zaharrak goizak guztiz argitu orduko artatsu atontzen duen batela bezala.
Bibliografia
Poesia
• Itxastxorien bindikapena
(1985, Susa)
• Egutegi esperimentala
(1986, Susa)
• Gizaeuropa
(1986, Susa)
• Gaua zulatzen duten ahausietan
(1987, Susa)
• Odoleko eskifaia
(1989, Elkar)
• Haragizko amoreak
(2010, Susa)
Eleberriak
• Speed gauak
(1991, Susa)
• Azken fusila
(1993, Susa)
• Baleen berbaroa
(1999, Txalaparta)
• Sukar ustelaren urtea
(2004, Txalaparta)
• Azeria eta lehoia
(2007, Txalaparta)
Narrazioa
• Atoiuntzia
(1990, Susa)
• Manhattan
(1994, Elkar)
• Urdaibaiko ipuin eta kondairak
(1996, Alfaguara-Zubia)
• Ispiluaren kalteak
(2008, Elkar)