Ederto gaude kirurgia estetikoarekin!
Antzina, norberak bizitza osorako moldatu behar zuen jaiotzaren loterian egokitutako itxurarekin. Gaur egun, kirurgia estetikoak hori aldatzeko aukera ematen du, eta gero eta gazte gehiagok jotzen dute horrelako tekniketara, euren burua edertzeko. Sudurra, belarria, bularra
Dena hobetu daiteke. Baina, non daude mugak?
Naroa Iturri hernaniarrak hamasei urte zituela erabaki zuen sudurra aldatzea. Baita egin ere, garai hartako 150.000 pezetaren truke. "Gazteegia nintzen beharbada", dio orain, urte batzuk geroago. Ez zaio damutu, hala ere. Ez zuen sudur eder-ederra helburu, berea zatartzen zuen hezur bat kentzea baizik. "Adin kontuak ziren. Bizitza osoan konplejuarekin ibili eta gero Gainera, sudur-horma oker nuen. Osasun kontua ere bazen, berebizikoa ez izan arren".
Aurreko adibidea 'normaltzat' jotzen dute askok. Hau da, itxurak sortutako ondoez batek kirurgia estetikoa erabiltzera bultzatzen du pertsona bat. Zirujauek, gainera, bidezkotzat jotzen dituzte pertsona hauen eskaerak, benetan haien itxura hobetu daitekeelako ez da beti hori gertatzen. Kirurgia estetikoa "beharrezkoa" den adibideetako bat da Iturrirena, beharraz hitz egitea zilegi bada gorputzaren funtzionamendu egokiarekin zerikusirik ez duen ebakuntza baten kasuan. Badira, hala ere, benetako beharra dutelako ebakuntzara jotzen dutenak; esaterako, titi handiegiak dituztelako, bizkarreko mina saihesteko, bularra txikitzea erabakitzen duten emakumeak.
Globoa puzten ari da
Alabaina, gauzak gehiegi puzten ari dira azken urteotan, antza. Iturrik berak badaki zeozer horretaz. Kazetaria da, eta gai honi buruz ikertzea egokitu zaio. Gure artean gero eta zabalduago ei dauden jardun batzuk harrigarriak direla uste du. "AEBetan, institutuan ikasketak bukatu eta gurasoek sudur edo titi berriak oparitzat emateko ohitura sortu zen, eta orain hona iristen ari da".
Carlos Valdes zirujau estetikoak Bizkaian behar egiten du, eta Iturriren antzeko iritzia du. "Kirurgia estetikoan gehiegikeria nagusitzen ari da. Gaia behin eta berriro agertzen da hedabideetan, eta zenbait kontu neurriz kanpokoak dira".
Dioenez, gero eta jende gehiagok jotzen du kirurgia estetikora tartean, gazte askok, eta eskatzen dutena, sarritan, gero eta funtsik gabekoagoa da. "Askori azaldu behar diegu kirurgia estetikoak ez duela euren itxura hobetuko", dio Valdesek. Hau da: nekez edertu daiteke berez itsusia ez dena. Kontua da, ordea, telebistan neskato eta mutil ezin ederragoak ikusten ohitu garela, eta haiek bezalakoak izan nahi dugula. Hala ere, Euskal Herrian ez omen dago, eskari arraro larregirik, eta gazteen artean ebakuntza arruntenak titietakoak, sudurrekoa, liposukzioak eta belarrietakoak dira.
Adina eta sexu
Kirurgia estetikoa emakumezkoekin lotuta dago gehienetan, eta ez arrazoirik gabe. Carlos Valdes zirujauaren berbetan, "guregana datozen gehienak emakumeak dira, alde handiz gainera". Zelangura, azken boladan, gero eta gizonezko gehiago dabiltza itxura edertuko dieten zirujauen bila: belarriak txikitu, sabela kendu, zimurrak lisatu
Kirurgia estetikora jotzen dutenen adinari dagokienez, denetik dago. Izan ere, ebakuntza mota bakoitzak bere adina duela esan liteke. Umeengan, esaterako, ohikoak dira belarri zabalegiak zuzentzeko ebakuntzak. Hogei urtetik aurrera, eta berrogeira arte gutxi gorabehera, bularra da batez ere bisturien mende jartzen dena, eta gero eta gehiago dira horretara ausartzen diren neskatxak. Hortik aurrera, aurpegiaren txanda dator: denborak ez du barkatzen, baina kirurgiak zimurren garaipena berandutu dezake.
Merkatu-legeen eragina
Valdesen ustez, merkatu-lege kupidagabeak kirurgia estetikoaren eremura iritsi izanak ere badu zer esana. Itxuraz, etika ez da beti gailen. "Corporación Dermoéstetica-n eta jite bereko elkarteetan, argazkiak erakusten dizkiete bezeroei, ebakuntzaren ostean nola geratuko diren erakutsiz. Argazki horietan ikus daitekeenak ez du zerikusirik errealitatearekin".
Bestalde, horrelako elkarteetan ebakuntzak askoz garestiago izaten dira erietxeetan edo kontsultategi pribatuetan baino. "Ordaindutakoaren erdia baino gehiago elkartearentzat da. Bularra handitzearren, 6.000 euro ordainduz gero, 3.600 enpresaren patrikara doaz". Ez pentsa, hala ere, kirurgia eskaintzen duten gainerako lekuetan ebakuntzak merkeak direnik. Gutiziak diru trukean izaten dira. Baina, non amaitzen da gutizia eta non hasten beharra? Ez al da hobe, osasun arazorik ez bada behintzat, nork bere buruarekin bizitzen ikastea?
Ditxosozko liposukzioa
Kirurgia estetikoak hartu duen ospeak hainbat berba zabaldu du gure artean. Etengabe aipatzen ditugu, esaterako, lifting-a eta liposukzioa. Baina, ba al dakigu zer diren? Carlos Valdesek dioenez, "lifting-a aurpegiko azaletik eta baita azalaren eta gantzaren azpian dauden giharretatik tiratzea da, aurpegiak lehen zuen itxura berreskuratzeko". Hau da, lifting batek nekez emango digu sekula izan ez dugun itxura.
Liposukzioa, berriz, gantza kentzea da. Aurrekoa baino ohikoagoa da gazteen artean. Dena dela, haren inguruan uste okerrak badira, Valdesek dioskunez: "Liposukzioak ez du balio loditasunari aurre egiteko, askok hori uste duten arren". Izan ere, liposukzio bidez kentzen den koipeak ez du ia pisurik gorputzaren beste ehun mota batzuekin (hezurrak, giharrak ) alderatuta.