Edarien topa... tope ez egiteko

Buruko mina, biharamuneko damuak... sobera edateak ondorio txar asko ekartzen du. Aurtengo festetan, begira ezazu GAZTETXULOren edari-topa eztarria busti aurretik. 


1 Garagardoa: Zuritoa, kaña eta garagardo botilaren artean aukeratu behar duzu. Tabernaren arabera ere, bat edo bestea gehiago komeniko zaizu. Taberna zaharretan botila eskatzea aholkatzen dizugu, "kañeroa" azkenekoz noiz aldatu zuten ez badakizu behintzat! Parranda ez zaizu garesti aterako, baina tripa lehertu beharrean egon arte puztuko zaizu. Garagardoa hotza edan behar da. Epela edaten ari zarela konturatzen zarenean, edateari utzi, ez zabiltza oso zuzen eta!

2
Ardoa:
Lagunartean "ardotara joatea" deitzen zaio. 80ko hamarkadan oso modan egon zen parrandetan ardoa edatea. Oso merkea da, baina ez pentsa txosnetan eta halakoetan erreserbako ardoa aterako dizutenik. Kalimotxoa egiteko erabiltzen duten ardo bera erabiltzen baitute leku gehienetan. Jendea ezpainak moretuta ikusten baduzu, badakizu, Errioxa ardorik gabe utzi dute!  

3
Freskagarriak:
Biharamunean, parrandan baino gehiago edaten dira freskagarriak. Laranjazkoak, limoizkoak eta kolazkoak dira arrakastatsuenak. Asko edanez gero, babarrunak janda baino haize gehiago ibiliko dituzu. Kontuan izan kolazko freskagarriek kafeina izaten dutela, beraz, ero moduan jarri baino lehen, pentsatu zenbat edan dituzun gaua hasi denetik.

4
Ura:
Edari guztien artean osasuntsuena da, dudarik gabe. Hala ere, guztia bere neurrian hartu behar dela esaten dute. Gau guztia ura edaten pasatzen baduzu, ligatzen baino denbora gehiago pasatuko duzu komun zuloan sartuta.

5
Orgasmoa:
Ligatzeko aukera polita emango dizu edari honek. Melokotoizko likorea eta laranjazko freskagarriaren arteko nahasketa da. Bi baino gehiago edaten badituzu, astebururako aurrekontu osoa di-da batean xahutuko duzu! Nahasketa garestia da, baina tabernaria gustuko baduzu, "Orgasmo bat emango didazu?" esateko aukera izango duzu. Lehenengo bi tragotan izango duzu ligatzeko aukera, gero ez zara gai izango.

4
Kalimotxoa:
Gaur egungo punkien edari mitikoa. Zure lehenengo parrandetan edaten zenuena. Ardoa eta kolazko freskagarriaren arteko nahasketa da. Garagardoaren ondoren, gehien edaten den edaria da, ziur aski. Kalimotxoaren arrisku nagusia: uzten dituen orban eta zikinguneak; kentzeko oso zailak dira (gurasoek ongi dakite hori!). Eta goizaldera izugarri narras itxura izango duzu!

5
Bestelako nahasketak:
Garestiak dira, beharbada, parranda guztietan edateko. Ospakizun berezietan edaten dira gehiago. Gaur egun, ordea, geroz eta arrakasta gehiago dute nahasketa hauek, kubatak eta bestelakoek. Gustuko duzun pertsona trago bat hartzera gonbidatu behar baduzu, txikitoa eskaintzea baino dotoreagoa bada behintzat!