"Ecografias" obraren antzezlana taularatuko dute asteburuan
Karmele Jaiok idatzitako bakarrizketa hunkigarria da 'Ekografiak', eta hortik abiatuta, lana antzezlan bilakatu du Ramon Barea zuzendariak. Irene Bau aktorea da protagonista, eta amatasunaren inguruko hausnarketak izango ditu oinarri obrak. Obra Bilboko Pabiloi 6 aretoan aurkeztuko dute bihar eta etzi gaueko 20:00etan, eta igandean iluntzeko 19:00etan.
Abbis Abbebara neskato bat adoptatzera doan emakumea da 'Ecografias'eko pertsonaia bakarra. Ama izateko nahi horretatik aurrera, baina, eremu ezezagun batera bidaiatuko du protagonistak, bere izaera ezagutzera, hain zuzen. Bizipenak eta gogoetak kontatuko ditu taula gainean, sentimendu nahasiak agerian utzita.
Adopzioa, Etiopia, hutsunea eta beldurrak gai nagusi harturik, emakumeak bere gurasoekin zein seme-alabekin dituen harremanak landu ditu Karmele Jaiok testu literarioan. Berau eszenaratzeak hainbat zailtasun tekniko sortu baditu ere, apal iristen da obra ikuslearengana.
Antzezlana otsailaren 10, 11 eta 12an taularatuko dute, hau da, bihar, etzi eta igandean. Bilboko Pabiloi 6 aretoan izango da, lehen bi egunetan iluntzeko 20:00etan, eta igandean 19:00etan.
Karmele Jaio
Idazle eta kazetari arabarrak "Hamabost zauri" ipuin bilduma kaleratu zuen 2004an. Hura izan zen bere lehen argitalpena, eta hortik aurrera, hainbat nobela eta ipuin bilduma kaleratu ditu. Besteak beste, Igartza Saria jaso zuen 2006an "Amaren eskuak" lanagatik.