EAE-ko gazteen ia erdiak irakurtzen ditu liburuak aisialdian
25-29 urtekoek irakurtzen dute gehien, eta emakumeek gizonezkoek baino gehiago.
Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %48,8k adierazi du aurreko hilabetean libururen bat irakurri duela aisialdiagatik, hau da, ikasketekin eta lanbidearekin zerikusirik ez duena. Kopuru hori 2012an edo 2016an jasotakoak baino txikiagoa da, baina 2008koa baino handiagoa.
Aisiagatik irakurtzen duten gazteen portzentajea EAEko biztanleen batez bestekoa baino handiagoa da, oro har, baina aldea murriztu egin da, aurreko urteetako datuekin alderatuz gero.
Inkesta erantzun aurreko hilean libururen bat irakurri duten emakumeen ehunekoa gizonena baino handiagoa da, %57,9 eta %39,6 hurrenez hurren. Bestetik, 25 eta 29 urte bitarteko gazteek 15-24 urtekoek baino gehiago irakurtzen dute.
Datu hauek 2021eko azken hilabeteetan egindako Euskadiko gazteak izeneko ikerketetakoak dira. Gazteen Euskal Behatokiak burutzen du ikerketa hau, lau urtean behin, EAEko 15 eta 29 urteko gazteei inkestak eginez.