EAE-ko gazteei zuzendutako 'Booktuberboom' lehiaketa martxan da

Liburu bat irakurri eta haren inguruko iruzkin edo gomendioa egin beharko dute bideo formatuan.

Eusko Jaurlaritzaren liburutegi zerbitzuak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom lehiaketaren edizio berria antolatu dute, gazteen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurketa sustatzeko helburuz. EAEko 14-18 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa da, eta bertan parte harteko gustuko duten liburu bat aurkitu, irakurri eta bideo labur baten bidez gomendatu egin beharko dute, eta sarean zintzilikatu. 

Kamera, mugikor edo tabletarekin libururen inguruko iruzkina edo gomendioa grabatu eta Youtubeko kanalean edo ikastetxeko kanalean argitaratu beharko da,  Booktuberboom blogeko parte-hartze orria bete. Bideoak era publikoan edo pribatuan igo daitezke, soilik epaimahaiak ikusteko. Era berean, Booktuberboom_+ kategorian parte hartzeko, Youtubera aurkezturiko liburu berbera Instagramen edota TikToken gomendatu beharko da.

Bookstagram kategorian, berriz,  liburua agertzen den argazki bat igo beharko da Instagrameko argitalpen batean eta iruzkinetan liburuko esaldi gustukoena ipini. Booktok kategorian, liburuari buruzko bideo labur bat igo behar da, iritzia emanez edo liburuaren sinopsi txikia eginez. 

Epaimahaiak bi sari banatuko ditu, eta saridunek bideogintzarako materiala eta liburuetan eta diskoetan gastatzeko bonoa jasoko dute. Publikoaren saria ere izango da, azaroaren 28tik abenduaren 9ra Booktuberboom booktube kanalean zabalduko den erreprodukzio zerrendan “gustuko dut” gehien jasotzen dituenarentzat. Bi lagunentzako abentura txangoa lortuko dute boto gehien jasotzen dutenek. Bookstagram eta Booktoker onenek ere izango dute euren saria: mugikorrerako osagarrien kita eta liburu bat.

Azaroaren 25eko eguerdiko hamabiak arte har daiteke parte lehiaketan, eta abenduaren 12an jakinaraziko dute irabazleak nor diren. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.