Dutxatzea: zenbateko maiztasuna eta nola?

Dutxatzea beharrezkoa da azala garbi eta osasuntsu mantentzeko, baina maiztasuna zenbatekoa izan behar den eta geure burua nola garbitu behar dugun ba ote dakigu?

Dutxatzea gure buruaren zaintzaren parte da, baina garbiketaren maiztasunari buruzko iritzi asko izaten dira: batzuek egunero dutxat beharko genukeela diote, eta beste batzuk, aldiz, ez dela beharrezkoa. 

Maiztasuna zehazteko garaian, hainbat gauza izan behar dira kontuan: azal mota, klima, lan mota edota eguneroko jarduera fisikoa. Oro har, astean hiruzpalau aldiz dutxatzea nahikoa omen da. Hori bai, besapeak, izterrondoak, oinak, aurpegia eta ipurdia sarriago garbitu behar dira.

Lanean asko zikinduz gero, kirola egindakoan edo bero egiten duenean, maizago dutxatu beharko genuke. Beraz, beharraren arabera, egunero dutxatzea ere aproposa izan liteke, baita behin baino gehiagotan ere.

Kontuan izan behar dugu, hala ere, azala babesten duen geruzari kalte egin diezaiokegula. Ur beroegia erabiltzea ez da ona izaten eta jaboia bera ere ondo hautatu behar da. Azal sensiblea edo lehorra dutenek bereziki zaindu behar dute alderdi hori, azala lehortu eta narriadura sortzeko arriskua baitago. Kasu hauetan usaina eragiten duten gorputz ataletan bakarrik erabil dezakegu xaboia, eta gainerakoan xaboia erortzen utzi. Lantokian asko zikintzen bagara, berriz, xaboi gehiago beharko da.

Zer xaboi erabili? Hori jakiteko, pHari begiratu behar diogu. Azalaren pH antzekoa duena erabili beharko genuke, hau da, 5,5ekoa. Egokiak ez diren xaboiak erabiltzen baditugu, azala babesten duen barrera lipidikoa kentzen dugu. Azaleko gantz naturalari eragiten diogunez, krema hidratatzaile gehiago beharko dugu. 

Belakia erabiltzea baino hobea omen da gure eskuekin egitea, belakiekin azala narritatu baitezakegu. Erabiltzekotan, biguna izatea komeni. Belakiak ingurune hezeetan mantendu ohi ditugu eta ez dira beti ondo lehortzen. Germenak hazteko tokia izan daiteke beraz.

Uraren tenperaturari dagokionez, ez dadila hotza edo beroa izan, epela izatea da onena. Eta bost minutu baino gehiago luzatzerik ere ez da komeni. Oso ur beroa erabiliz gero, larruazaleko olio naturalak ezaba daitezke eta babes-hesia ahuldu. Ur hotzak, aldiz, poroak ixten ditu eta garbiketa egokia zaildu dezake.

Dutxatu ondoren, ondo lehortu behar dugu, zonalderik ahaztu gabe. Toalla azalaren kontra igurtzi beharrean, ukituekin lehortzea da aholkua. Eta azkenik, krema hidratatzailea emateko moduan zaude.