Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariak banatu dituzte
Ikus-entzunezko bi lan eta idatzizko ikerketa lan bat hautatu dituzte.
Guztira 36 lan aurkeztu dira Gerediaga Elkarteak antolatutako Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariaren lehen edizioan. Gehienak 16-18 urte arteko gazteen proposamenak izan dira eta ikus-entzunezkoa izan da formatu erabiliena. Hiru lan saritu dira, eta irabazle bakoitzak 500 euroko saria eskuratu du. Eskualdeko paisaiaren eraldaketa, 60-70 hamarkadetako etorkinen bizipenak, eta Durangaldeko leku esanguratsuetan zehar egindako bidaia dira proposamen irabazleak.
Peio Martin Estevez 17 urteko zornotzarrak Elkarrizketa amamarekin ikus-entzunezkoarekin lortu du saria. Lorcatik (Murtzia) Euskal Herrira bizitzera etorritako amonaren bizipenak jasotzen ditu laburrak. Epaimahaiak gaia "ausarta" dela eta pertsonaia nagusiaren aukeraketa ere "borobila" izan dela nabarmendu du, "gertukoa eta hunkigarria". Lekukotzaren balioa historikoa eta kalitate teknikoa ere azpimarratu du epaimahaiak.
Ibone Gomez Tamayo 18 urteko zaldibartarraren Euskal bidaiariak lana ere saritu dute. Durangaldeko hainbat herritatik bidaia egitea proposatzen du ikus-entzunezkoak, eta herri bakoitzeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu. Epaimahaiak formatua "ikuserraza" dela adierazi du, eta "jasotzen duen informazioa ondo jantzia eta era entretenigarrian azaldua dagoela".
Saritutakoen artean lan idatzi bakarra dago, eta Gerediaga Elkarteak udazkenerako prestatzen dabilen ASTOLA urtekariaren 16. zenbakian ikerketaren laburpen bat argitaratzeko aukera emango dio Adrian Burgada irabazleari. Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen du 29 urteko durangarraren idatzizko ikerketa-lanak. Ikerketa landua dela aitortu du epaimahaiak, "teknikoki ondo antolatuta eta zehatza, lan bibliografiko interesgarriarekin".
Epaimahaia Durangaldeko eta arlo ezberdinetako hiru gaztek osatu dute: Iruri Altzerreka Martinez (Garai) zuzenbide ikaslea, Helene Sanchez Zelaia (Abadiño) bioteknologian graduatua, eta Liher Larrañaga Gabiria (Elorrio) ikus-entzunezko komunikazioan aritua.
Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburua izan du Gerediaga Elkarteak Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoaren babesletzarekin antolatu duen Sariketak.
