Durangoko Azokarako proposamenak

Mende erditik hurbil dabil, aurtengoa 44. urtea du eta. Durangoko euskal disko eta liburu azokan Kataluniako kultura izango da Gerediaga Elkartearen ohorezko gonbidatua, nahiz eta badakigun  askotariko gustuak asetzeko adinakoa dela. Nork berea bilatuko du. Ondorengoek ere bai, eta euren gomendioak gaztezuloko irakurleekin partekatu nahi izan dituzte.  


ITZIAR ALDUNTZIN, EUSKADI GAZTEAKO ESATARIA
Liburuak
•'Arimen Maisua'. Irene Nemirovsky (Alberdania).
Nemirovsky judua zen eta Auschwitzen hil zuten naziek. Urte askoan haren obra ezezaguna izan zen, baina 2004ean bere alabak gordeta zeukan eskuizkribu baten (Suite francaise) argitalpenak sekulako arrakasta izan zuen. Arimen Maisua 20eko hamarkadako Frantzia klasistan psikoanalisia deskubritzen duen sasi-jakintsu baten istorioa da. "Ez dut inoiz bere libururik irakurri", azaldu digu Alduntzinek, "nobela Parisko belle epoque-an girotuta dagoela badakit, eta horrek tentatzen nau".

•'Zazpi etxe Frantzian'. Bernardo Atxaga. Pamiela.
Kongon kokatu du Atxagak bere azken liburua, XX. mende hasieran, Belgikako Leopoldo II.ren zerbitzura dauden militar taldean. Besteak beste inperialismoa, bidegabekeria, bortxa eta giza krudeltasuna bezalako gai gogorrak garatzen ditu eleberriak, baina komikotasun siniestro bat erabiliaz, eta Asteasuko idazleak bere berea duen prosa eder bezain goxo horrekin. "Urteak dira Atxagaren librururik ez dudala irakurtzen. Denetarik aditu dut liburu honen inguruan. Batzuek gustoko izan dute besteek ez hainbeste. Nere iritzia izan nahi nuke" esan du Alduntzinek.

Diskoak

•'Gabeko Kalapitxitxek'. Piztiak (Buztenbaltza).
Ondarroako taldeak Lamiña estudioetan grabaturiko lan honek 13 abesti berri eta aintzinakoren baten moldaketak jasotzen ditu. Josu Eizagirreren bideoklipa eta film laburra, eta Josu Aranbarriren erakusketa eta making off-a ere eskaintzen dituzte pack berean. Talde hau izan zen Kirmen Uribe idazle ondarrutarraren lehen poemak argitaratu zituena, eta disko honetan ere berak jarri ditu hiru abestiren hitzak. "Rockero onak dira, zuzeneko batean ikusi nituen, eta orduz geroztik, gustuko ditut. Gainera, ustekabean harrapatu nau disko honek", dio Alduntzinek.

Bestelako kapritxoak

"Mmmmm, urte berrirako agendaren bat".

MIKEL ASTARLOZA, TXIRRINDULARIA
Liburuak
•'Elurra sutan'. Juan Kruz Igerabide (Alberdania).
Indiatik etorritako yoga maisu bat Bilbora iritsi da, bere semearekin batera, trantsizio garaian. Bakezaletasuna eta mistika industria-gainbeherarekin eta honek dakartzan gatazkekin nahasten dira bizitza grisetik ihes egin nahi duten zenbait pertsonaren istorioak elkarlotzen dituen nobela honetan.
"Kultura ezberdinetako pertsonaien bizipenak erakargarriak zaizkit, eta batez ere, gure herrian kontaturiko historia bada". Horrelako liburuetan beti zer hausnartu eta zer ikasi topatzen duela dio txirrindulariak.

'Londres kartoizkoa da'. Unai Elorriaga (Elkar).
Elorriagaren laugarren eleberriak algortako idazlearen idazkeraren marka bihurtu diren ezaugarriei eusten die: itxurazko soiltasun guztiz landua, gizon-emakumeen beldur eta sentimendu sakonetara iristeko gaitasuna, eta errealitatearen zirrikituetan aurki daitezkeen fantasiazko munduak deskubritzeko irrika.
"Nire koinatuaren urtemuga abenduan dela eta, berari hainbeste gustatzen zaion idazlearen libururik berriena oparitzeko aitzakia ezin hobea eman dit azokak", aitortu digu Astarlozak.

Diskoak

•'Payola'. Berri Txarrak (Roadrunner Records).
Talde nafarrak puri-purian diren gaiak ditu seigarren diskoan hizpide: memoria historikoa eta Palestinako auzia, besteak beste. Chicagoko Electrical Audio estudioetan grabatua eta Roadrunner Records zigiluak argitaratua, hirukoteak inoiz baino soinu gordinagoa eta bat-batekoagoa lortu du. Artifiziorik gabeko disko zintzoa da. "Lekunberriko taldearen jarraitzaile sutsua naiz. Urrian erosi nuen diskoa eta ordutik ez dut beste ezer entzuten… den-denei gomendatzen dizuet."

Bestelako kapritxoak

Durangoko azokan beti dago zer erosi familia eta lagunentzat, eta aurtengoan, Pasai San Pedrokoak komikiak erosiko ditu ilobentzat.

AINHOA ETXAIDE, LAB-EKO IDAZKARI NAGUSIA
Liburuak
•'Euzkadi merezi zuten'. Koldo Izagirre (Susa).
20ko hamarkadako monarkiatik hasi eta Errepublika, matxinada militarra eta 36ko Gerra hartzen ditu bere baitan kontakizunak. Donostialdean garatzen da istorioa, eta fikziozkoak ez diren hainbat pertsona ere aipatzen dira bertan: Victoria Eugenia erregina, Marrus eta Txirrita bertsolariak, De Buck eta Jean Graf auto pilotuak...
"1984an argitaratu zuen Koldo Izagirrek eta, orain, 25 urte beranduago berriro plazaratu da. Momentu egokia izan liteke duela 25 urte irakurri ez genuenok eskuratzeko", azaldu digu bere hautua Etxaidek.

'Lucy'. Jamaica Kincaid (Txalaparta).
Lucy 19 urtetako neska karibear bat da, Ameriketako Estatu Batuetara familia aberats batean umezain lanak egitera iritsi berria. Bizitza berri bat hasi nahi du, baina iraganak ez du bakean uzten. Barne munduaz aparteko indarraz hitz egiten du lan honek.  "Iraganetik ihesi bere identitatearen bila dabilen emakume karibear gazte baten istorioa kontatzen du.  Urte batzuk baditu liburuak, baina itzulpenaren zain egon garenontzat orain da eskuratzeko momentua", esan digu Etxaidek.

Diskoak

•'Haizea garizumakoa'. Ruper Ordorika (Elkar).
"Ruperrek esan izan du kantua ez dela musika soila, ez poesia soila. Hain zuzen ere musika eta poesia, biak uztatzeko duen gaitasun apartagatik dut Ruper gustuko", esan digu Etxaidek. 30 urte bete dira Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta estudioko hamabosgarren lana ekarri digu oraingo honetan. New Yorken grabatu du Haizea garizumakoa Ben Monder, Kenny Wollesen edo Skuli Sverrison bezalako musikari bikainez inguratuta. Donostiako Elkar estudioan egin ditu nahasketak Jean Phocas teknikariarekin, eta lan biribila da azken emaitza

'20 urte' (CD bikoitza eta DVDa). Su ta gar (Jo ta Ke ekoizpenak).
20 urte lanak iazko Gabonetan Plateruenan jo zuten kontzertuko soinua eta irudiak jaso ditu. Bi ordutik gorako saioa da, eta Su ta Garren historiako 26 kantu hautatu eskaini dituzte, betiko indarrarekin eta kemenarekin taularatuak. Su ta Garren zaleentzat ezinbestean eskuratu beharrekoa. "Norberak bere buruari edota beste norbaiti egiteko opari polita da.  Gazteagoak (oraindik gazteak gara) gineneko garaiak gogoratzeko..." dio.

Bestelako kapritxoak

•Bilgune Feministaren agenda.
"Urtean zehar bi agenda erabiltzen ditut, sindikatuarena eta Bilgunerena. Azoka aprobetxatuko dut azken hau eskuratzeko".

ANDONI LUIS ADURIZ, SUKALDARIA
Liburuak
•'Suzko lilia'. Hedoi Etxarte (Susa).
Hedoi Etxarteren 2008ko poema liburuaren oinarri-oinarrian maitasuna eta harreman pertsonalak daude. Ausentziak eta presentziak. Biolin jotzaile eta idazle iruindarra surrealismotik abiatzen da poesia bisualera hurbiltzeko eta isurkinak, animaliak, trenak nahiz trenbide estazioak ikusmiran ipintzeko.
Normalean, gomendatutako liburuak erortzen omen dira Andoni Adurizen eskuetan, "honako hau lagun batek gomendatu dit", dio.

'Gizona ilunpean'. Paul Auster (Alberdania).
Erretiroa hartutako liburu-kritikaria 47 urteko alabarekin eta 23 urteko bilobarekin bizi da. Emaztea iaz hil zitzaion. Alabaren gizonak duela bost urte utzi zuen. Bilobaren mutil-laguna hil egin zuten. Samina dago etxe horretan, arima zaurituak, eta gizona gauero-gauero etzaten da ilunpean bere iraganari buruz ez pentsatzeko ahaleginak eginez, beste mundu batzuei buruzko istorioak asmatzen. Klasikoen obrak gustuko dituela kontatu digu sukaldariak.

Diskoak

•'Mikel Laboa (1934-2008)'. Mikel Laboa (Elkar).
Mikel Laboaren bizitza eta obra jasotzen ditu ordu ta erdi luze irauten duen dokumentalak. Lehenik, 1978. urtean Herri Irratian egin zizkioten elkarrizketetan oinarrituta, Mikel Laboa ikus daiteke bere buruaz hitz egiten. Bigarren zatian, ordea, ingurukoak mintzo dira abeslari donostiarraz. Kontakizun hauei guztiei lagunduz, bere bizitza markatu zuten irudiak eta hotsak jaso dituzte.
Adurizek dioen moduan, "disko hau eskuratzeko arrazoiak aipatzea soberan da".

Bestelako kapritxoak

"Urtero eskuratzen dut Berriako egutegia, eta denbora izanez gero, Plateruenako kontzertu edo ekitaldiren batera joatea ere gustatuko litzaidake". Adurizen ohiturak beste askorenak ere badira.